Maite zaitut, amatxo!
Negarrak eta negarrak daude, eta niri orain masailetan behera tai gabe erortzen ari zaidan likido gazi honek erraietako tolestura fin eta sentikorren batean behar du izan iturburua. Kontrolaezina bezain ederra da horrela ateratzen denean, kanpo-estimuluren batek justuki eta konkretuki ukitu behar duen botoia zehaztasun horrekin sakatzen duenean.
Autoan harrapatu nau oraingoan, lanera bidean, kantu baten notetan eta hitzetan. “Edonora joango nintzake (…), behar ditudan bide guztien mapa baitago zure eskuetan”. Burmuinean artxibatutako irudiak errenkan, oxitozina isuri betean. “Kapa gorriaren ordez daukazu amantala, baina, nik ikusten zaitut heroi bat bazina bezala”. Betileak blai, eztarria zotinka.
Badira bost urte abesti hori negarrik egin gabe entzun ezin dudala. Aurretik ere ezagutzen nuen, eta iruditzen zitzaidan ale bat artistikoki ederra. Baina sorkuntzarekiko edozein balorazio subjektibo biderkatzen, hazten, anplifikatzen da, gure bizitza bertan islatuta ikusten dugunean.
Bai baitira bost urte amatu nintzela, eta, horrekin batera, gure Spotify zerrenden topean sudur gorriak eta irribarreak ageri direla. Seme zaharrenari “Bizi dantza” jarri nion buklean; gazteenarentzat munduko pailazo guztiak dira Pupu. Hori ere lortu dute irrien lagunek: izen propio bat substantibo arrunt bilakatzea, haur baten burmuinean.
Bosturteko honetan ez dakit zenbat aldiz bidaiatu ote dudan nire bizialdiko bosturtekoetara, eta gogoratu gurasoen etxeko egongelarekin, Saturnino dantzatuz. Berritu hogei urte nitueneko uda, Gorriti Aztia kantatuz zaintzen nituen bikiekin. Hautsa kendu astero parrandan sasoiko ibiltzen gineneko oroitzapenei, Maite zaitut runba tekila txupitoekin uztartuz.
Denetan dago malenkonia, iragandako pozagatiko tristura; finean, bizitza bera onartzen ikastea. Akaso hori da Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bosturteko hauetan guztietan emandako irakaspenik handiena. Bada nahikoa arrazoi haiei eskerrak emateko eta bizitza ospatzeko. •