Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Zesta-punta eskolak, puntisten gotorleku

«Zesta-punta hil ez zedin», mantra berberagatik dabiltza lanean Euskal Herri osoko zesta-punta eskolak. Herrialde osoa zeharkatu dugu (Gasteiz, Mutriku, Bilbo, Durango, Getaria eta Noain), egungo loraldia testuinguruan jarri eta harrobiaren borroka eta zirrara nabarmentzeko.

«Sweet Caroline» abestiak dantzan jarri ditu denboraldi honetan Gernika eta Durangoko pilotalekuak, Winter Serieseko partida orotan. Zaleek gozatua hartu dute, ikuskizun paregabeaz disfrutatu -kirolik azkarrena dela diote-, eta pilotalekuko giroa ere halakoxea izan da. Etorri dira Zumaiatik, Mutrikutik, Gasteiztik, Noaindik, Getari edota Bidartetik... Euskal Herria zeharkatu dute, zesta-puntak ere Euskal Herria zeharkatzen duelako, Bermeotik Cabanillas arte.

«Oso pozik gaude loraldiarekin. Orain egunkari eta telebistan agertzen da; orain arte AEBetan jokatzen zenez, baztertua bezala geratzen zen. Baina hemen dago hazia, hemen jarraitu behar da eta lan egin behar da. Eskolako umeek ikusi eta ikasi egin behar dute, baditugula gure kirolak eta zesta-punta dela horietako bat». Ion Zarandonaren hausnarketa da, Gasteiz Jai Alai klubeko presidentearena. Puntista ohia da durangarra, eta bere anaia Iñigo ere murgilduta dabil pilotalekuan, kasu honetan Durangoko zesta-eskola berrian. Zesta-puntan nabarmendu den saga bateko kideak dira, Zarandona handiaren semeak. Hala, bere semeak txikitatik aritu dira pilotalekuan eta maitasun horretatik abiatuta jarraitzen dute bertan, puntisten gotorlekuan: «Gasteizen lehen enpresa bat zegoen profesional modura, nire aita ere hemen ibili zen jokatzen. Jende asko etortzen zen eta gasteiztarrak ziren. Berriro ere grina hori sortu behar da».

Ion Zarandona: «Harrobia premiazkoa da; zaindu eta lagundu egin behar da»

Loading player...

 

«Harrobian egin behar da lan», argi dauka Ionek, baita Jon Mendizabal “Goxarrik” ere. Mutrikuko Danok Bat elkartearen fundatzaile eta alma mater-a da, nahiz eta itzalean egotea gehiago gustatzen zaion. Gorriak eta bi ikusi zituen AEBetan, eta, momentu batean baino gehiagotan «zesta-puntari nik gehiago eman diot berak niri baino» uste badu ere, azken belaunaldiko mutrikuar puntista ororen irakasle izan da. 1992tik 2002ra arte, Miruaitz pilotalekua itxita egon zen, eta berak hartu zuen ardura bizkar gainean, bere seme zaharrenari erakutsi asmoz. Orain, bere bi semeak Magic Cityn (Miami) daude, eta berak jarritako lehen hazi horretatik bistaratu dira baita ere Mikel Mancisidor “Manci” -Winter Serieseko finalista-, Eñaut Urreisti -Araba Euskarazeko txapeldun-, Jon Goenaga -Magic Cityn dago- Eneritz Lizardi -munduko txapeldun 2022an- eta Oaia Otaño -Winter Serieseko finalista-. Goxarrirentzat, noski, ez da ezustekoa izan, eta pena dauka hainbeste urtean urratsa egiteko aukerarik ez suertatzearena. «Pilotariak ateratzeko asmoarekin» hasi zuen bere bidea Danok Baten, baina urte mordoa eman ditu goian, elitean, proiektu «seriorik» gabe. «Ondare kultural bat da zesta-punta», dio.

Egoera hobetzeko lanean

«Pasio mordoa» jarri dio mutrikuarrak eta, hain zuzen, horixe da puntista eta puntista ohiak mugiarazten dituen oinarria: «Ez nuen kirol hau hiltzen utzi nahi, argi eta garbi».

«Hemen, Bilbon, gurasoek niri galdegin izan didate zer den zesta-punta, ikastolan praktikatu dezaketen kirolen zerrendan ikustean. Zenbateraino arrotza izan daitekeen kirola... Nolako pausoak eman behar diren kirol hau ezaguna egiteko», dio Josu Larrinagak, Levante Jai Alai elkartearen sortzaileak. Bilbon duela bi urte eratu zuten txikienentzako zesta-eskola, San Inazio auzoko Levante pilotalekuan, Winter Seriesaren boomaren bueltan. Intxixu ikastolako gurasoek sustatu zuten, beraien seme-alabei zesta-puntaren balioak, «euskal kirol batenak», transmititu asmoz, euskaraz.

Laduche eta Etchegaray, Getariko pilotalekuan, plaza librean. (Aitor KARASATORRE)

San Inazioko udal kiroldegi barnean dagoen pilotalekuan entrenatzen dute 8-9 urteren bueltan dabiltzan 15 haurrek. Inguruan dute judoa, gimnastika, padela, futbola... Kirolaren ingurumari globalean zesta-puntak bere lubakia altxatu du, eta Josu Larrinagak iritzi du «hiriburuak giltzarri izan daitezkeela» kirol honen biziberritzean. Esperantza pilotalekuan ere badago proiektu bat, pilotako hiru modalitate -esku huska, pala eta zesta-punta- lantzen dituena: «Haiekin egin dugu berba eta zesta-puntan gehiago interesatzen direnak guregana helarazteko asmoa dago».

Momentuz, hala ere, «txiri-txiri» ari dira, Durangon legez. Duela bi urte sortu zen Durango Jai Alai kluba, Ezkurdi berriro ere zesta-puntaren gotorleku bilakatzeko asmotan. «Ehunka puntista atera ziren hemendik, pilotaz bizitzera. Ezkurdin ere egunero funtzioak egoten ziren 70-80ko hamarkadan. Duela 20-25 urtetik hona ahultzen joan da, eta kirol ezezaguna bilakatu da. Galtzen ari zela ikusi genuen eta umiltasunez zerbait egin nahi genuen». Gudiker Alberdi da elkarte berri honetako presidentea, eta beste 10 pertsonek osatzen dute zuzendaritza batzordea: «Lan asko dago egiteko, denok daukagu beste lan bat, hau boluntarioa da, eta bakoitza hainbeste ez kargatzeko, lantalde handi bat behar genuela argi geneukan, ez erretzeko».

Gudiker Alberdi: «Beharra badago eskolak batu eta Xisterak egiten zuen lanarekin jarraitzeko»

Loading player...

 

Bi urtean, memoria berreskuratzeko ekimenak sustatzeaz gain, kasik boskoiztu egin dute ume kopurua. Hartu zutenean 10 pertsona baino gutxiago zeuden, eta egun, 50 pasatxo dira Ezkurdin entseatzen duten haurrak, 7 eta 18 urte bitartekoak, Aritz Erkiaga gisako figura batekin. «Ordainpeko monitorea izan behar zela argi genuen. Boluntario moduan denbora bat aguantatzen duzu, baina ez da aski. Eraman Jai Alai enpresarekin jarri ginen harremanetan, ea puntistaren bat prest egon zitekeen. Erronda bat egin zuen eta Aritz prest agertu zen. Ezagutzen genuen Aritz kantxako artista, eta ezagutu dugu beste Aritz bat, kristoren mutila, lan egiten dakiena eta konprometitua», azaldu du Alberdik.

«Zesta-puntaren egoera hobetzeko lanean ari gara, eta zer hobeto gazteekin hastea baino. Durango ez da egon egoera on batean, gazteekin egoteak ilusioa egiten dit», adierazi digu Erkiagak berak.

Monitore eta erreferente

«Klubari laguntzea garrantzitsua da. 20 urte nituenetik ari naiz laguntzen, eta garrantzitsua deritzot gure aitek erakutsitako gauzak txikienei helarazten jarraitzea», dio Ludovic Laduchek. Getariako Olharroa klubean hasi eta hazi zen, bere aitaren pasioari jarraiki -plaza libreko Frantziako txapelduna izan zen-. «Umeek ilusio handia daukate, gure partidak ikusten dituzte; afizioa badago». Larunbat eguerdian entseatzen dute, Getariko plazan, eta euria ari duen arren, han agertu dira kasik hamar haur, adin ezberdinetakoak, tartean, Odei, Unai eta Tim: «Gaur 5 gradu egiten ditu eta oso zaila da pilotalekura etortzea; alta, ikusten badute gu gaudela bertan, jende askoren aurrean jokatzen dugun puntistak garela eta beraientzat erreferenteak izan gaitezkeela... Nire aita niretzat izan zen moduko erreferenteak behar ditugu», kontatzen du Getarikoak.

Noaingo zesta-eskolako ume bat. (Iñigo URIZ / FOKU)

1922an eratu zen kluba, eta egun, 32 ume daude plaza librean -eta beste 20 palan-. Azken urteetan lortu dute adin batetik aurrera ere klubean jarraitzea, eta horri esker, ordainpeko monitorearen figura sortu dute. Theo Etchegaray arduratzen da «esfortzuaren eta errespetuaren baloreak pilotaren bidez helarazten». «Uste dut osagai garrantzitsuak direla umeek jarrai dezaten, familia espiritua gailentzen baita Olharroan».

Ludovic Laduche: «Klubari laguntzea garrantzitsua da. 20 urte nituenetik ari naiz laguntzen, eta garrantzitsua deritzot gure aitek erakutsitako gauzak txikienei helarazten jarraitzea»

«Eskola askotan gaude profesionalak edo profesionalak izandakoak. Umeentzat oso polita da, gu telebistan ikusten baikaituzte», onartu du Julen Del Riok. Duela hamar urte hasi zen monitore bezala Gasteizen, eta abendutik Bilbon ere badabil: «Helburua da kirola biziberritzea, bai profesional moduan bai monitore moduan. Hamar urte daramatzat eta nik ere asko ikasi dut beraien maisu izaten».

Sei urterekin hartu zuen xistera lehen aldiz, eta aipatu du «urte hauetan gure belaunaldiak asko sufritu» duela, «baina jarraitu egin dugu, eta oso polita da gaur dagoena». Pilotalekua «leku seguru bat da» gasteiztarrarentzat, eta «zesta-punta bizitzaren motorra» da Ruben Bailo noaindarrarentzat. 17 urterekin AEBetara joan zen, hamarkada batez jokatzera, eta behin itzulita, bera hazi zen klubera itzuli da, transmisioarekin jarraitzera. «Telebistak ematen duen ikusgarritasunaren poderioz, ume gehiago dabil pilotalekuan, eta lana harrobian hasi behar da, zesta-puntak etorkizuna izan dezan», dio atzelari nafarrak.

«Ruben Bailok asko daki eta izugarri eskertzen dugu bera bezalako irakasle bat edukitzea», onartu du Laura Rodriguez puntistak. 15 urte ditu eta 2019an hasi zen zesta-puntan, futbolean zituen lagun batzuek animatuta. Orduan, bizpahiru neska besterik ez zeuden, eta orain «talde polita» osatu dute, zazpi puntistekin.

Jon Mendizabal ‘Goxarri’: «Emakumeen zesta-punta abandonatuta egon da»

Loading player...

 

Sekulako bilakaera izan du zesta-puntak emakumeen artean. Aukerak eman zaizkie, ikusgarritasuna handitu da, kopuruak gora egin du, baita mailak ere. «Neskak abandonatuta egon dira», dio aho bizarrik gabe Goxarrik. Izaro Arbe markinarrak sekulako lana egin zuela nabarmendu nahi izan du, oraingo egoera oparoa testuinguruan jartzeko.

«Helburuetako bat da nesken artean erreferente bat izatea klub modura. Helena [Barrenetxea, Winter Serieseko txapelduna] ere badaukagu, eta nahi dugu erreferente bilakatzea», azpimarratu du Gudiker Alberdik, Durangoko elkarteko presidenteak.

Eskolen arteko sareak

Euskal Herriko sei klub hauen artean, kasik 300 haur eta beste 100 gazte -eta ez hain gazte- dabiltza xistera eskuan daukatela. Ondare bat dela dio Laduchek, baita Goxarrik ere. Zentzu horretan, eskolen arteko sareak duen garrantziaz ere mintzatu dira. Xistera izan zen aitzindari, 2016an sortu eta pandemiaz geroztik itzaltzen joan dena. «Klub gutxi gara eta esan daiteke zesta-punta pilotako anai pobrea dela», dio Gudiker Alberdik, Federazio eta erakundeekin dituzten harremanak azaltzerakoan: «Federazioa joaten da Aldundira pilotako modalitate denon izenean, eta agian gai ordenan beste modalitate batzuek indar handiagoa daukate».

Jon Mendizabal “Goxarri”, Danok Bat elkarteko entsegu batean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Alta, eskolen arteko harreman onak hauspotzen dute elkar: «Beharrizana badago eskolak batu eta Federazioaren bitartez Xisterak egiten zuen lana jarraitzeko». «Funtsezkoa da, giro oso polita sortzen delako», dio Lakidainek. Adibide bezala jarri du Bidartetik jaso duten gonbidapena. Kontatu du jada Noaingo 28 haurrek izena eman dutela. Iaz, 7 eta 13 urte bitarteko 250 ume elkartu ziren Kostakoak elkarteak antolatutako “Pilotari ttiki” jardunaldian. Euskal Herri osoko 23 klubetako ordezkariak bertaratu ziren Bidartera, asteburu pasa eder batez gain, zesta-puntaren bitartez herria egiteko eta kirol hau gazteen artean hauspotzeko asmoz.

«Zaindu egin behar da. Eskoletako umeek jakin behar dute pilotako zein espezialitate dauden, eta hori oso gutxi gertatzen da. Esku pilota eta pala ezagutu ditzakete, baina galde iezaiozu ea zer den zesta-punta, xare, trinketa, joko garbi... Eta gure kirolak dira. Hezkuntzan sartu beharko lirateke eta zabaldu gehiago, bertako kirol bezala», dio tinko Ion Zarandonak.

Intxixu Ikastolarekin harreman estua dauka Bilboko Levante Jai Alaik; eremu horretan sortu zen eta bertako ikasleei bideratuta dago hasiera batean, eskolaz kanpoko aktibitate moduan. «Beste ikastetxe batzuk ere jarri dira kontaktuan, erakargarria delako. Hastapenerako baliagarriak diren plastikozko xisterekin gabiltza, eta material honi esker ahal izan dugu bideratu proiektua», kontatzen du Josu Larrinagak, bestela, prezioak eta denbora tarteko, ezinezkoa litzatekeelako. Pena dauka egun bertaratzen diren ume guztiak klasekideak direla: «Levante pilotalekuan bi ate ireki egin ditugu, Iñaki Osa Goikoetxea “Goiko”, Erkiaga eta abar etorri ziren, baina ez dakigu zenbateraino zabaldu den».

Josu Larrinaga: «Levante Jai Alai elkartea sortzeko oinarrizkoa izan zen plastikozko materiala eskuragarri izatea»

Loading player...

 

Gudiker Alberdirentzat ere ezinbestekoa da zesta-puntaren ezagutza eskoletara ere helaraztea. Modu horretan, lortu dute behintzat Bizkaiko Aldundiak sustatzen duen eskola kiroleko programan zesta-punta sartzea. Hala ere, hezkuntzan ekintza gehiago egitea gustatuko litzaieke, baita Gasteizen ere: «Eskoletara joaten gara, Arabako Federazioarekin topaketa batzuk egiten ditugu, eskoletara zabaldu, larunbatetan hona [Olave pilotalekura] etortzeko. Jolasen bidez zesta-punta sartzeko eta erakusten joateko. Gustatuko litzaiguke leku gehiagotan egotea. Askotan ez da posible, momentuz pilota ez dagoelako eskoletako curriculumean sartuta. Lagungarria izango litzateke».

Ezinbestekotasun horretan, handicapak ere sortzen zaizkie klubei. «Guk egin ditzakegu kontaktuak, eskolekin bilerak, eta abar... Baina klaseak goizez izaten dira eta gainontzekoak lanean egoten gara; zailtasunak dauzkagu bertaratzeko eta bertan ikastaroak egiteko». Hala, durangarraren hausnarketek etenik ez dutenez, okurritu zaio Federazioaren bitartez figura bat eratu daitekeela: «Kaptazioa egin nahi dugunean eskolako orduetan, beste lan batzuk ditugu eta orduan ezin ditugu egin nahi ditugun ekimenak. Federazioari planteatu nahi diogu pertsona hau ibiltaria izan daitekeela, teknikari bat eskola ezberdinetara joango dena. Ze gure arazoa edozein herritan daukate. Lanpostu bat sortu daiteke».

Militantzian disfrutatu

«Nik dena positibo ikusten dut, maite dudalako», onartzen du Ruben Lakidainek. Noaindarrak, hau ere puntista ohia, jada 20 urte daramatza herriko zesta-eskolan «nolabaiteko ardurarekin». Sekulako afizioa dagoela-eta, baikorra da eta ikuspuntu horrekin kutsatzen du albokoa, Noainen zesta-punta nola «erori» zen kontatzen duelarik.

Edozein pilotalekutan ohikoa den legez, bulego eta txoko ezberdinetan historia txikiak gordetzen dira. 1978ko irudiak daude Noainen, Jose Ignacio Lertxundi gipuzkoarraren garaikoak. Bridgeport-eko (Connecticut, AEB) enpresak aginduta, bost urteko kontratua sinatu zuen Elortzibarreko pilotaleku honetan, eta Nafarroako puntista onenak eraman zituen bertara: Unciti (Noain), Sarratea (Doneztebe) eta Lopez de Goikoetxea (Altsasu). Lehendabiziko hazia jarri zuen, ondoren, 1986an, Uncitik berpiztuko zuena, eta labealdi horretakoa da Lakidain: «Lertxundiren lehendabiziko bost urteak izan ezik, klubaren ibilbide guztia ezagutu dut».

Aritz Erkiaga, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, haurrei irakasten. (Raul BOGAJO / FOKU)

Hala, balioan jarri nahi izan du zesta-eskoletan egiten den lana. Alegia, Winter Seriesaren loraldiari esker ere bai, baina klub bakoitzean dagoen itzaleko lanari esker ari dira geroz eta ume gehiago zesta-puntan: «Noainen, garrantzia hartu du nabarmendu diren hemengo puntistei esker -Bailo edo Iturbide kasu, munduko txapeldunak izandakoak-, eta baita klub barruan egin den lan onari esker ere. Izugarria da puntistek klubarekin duten konpromisoa, zenbat jende gerturatzen den eta batez ere herrian zesta-puntaren bueltan sortzen den dinamika».

Hain zuzen ere, pertsona askoren militantziari esker ateratzen da dena aurrera herri guztietan. Batak bestea hauspotzen du, orain arte egindako lana alferrik galdu ez dadin. «Eskola batek ongi funtzionatzeko, monitore eta gainontzeko kideen lana ezinbestekoa da. Guri ez zaigu ezer iristen. Guk lortu duguna da gure lanen ondorio bat: Juanjo, Mancisidor, Itziar, Nekane, Patxi Zubizarreta... Ni orain asko jaitsi naiz, eta Juangok [Urkiri, puntista ohia] laguntzen dit asko. Ez naiz gai zortzi ume hartu eta une oro gainean egoteko», kontatzen du Jon Mendizabal mutrikuarrak. Urkiri alboan pilotak josten dabilen bitartean kontatu du Danok Bateko ibilbidea, zenbaitetan bere kontrastea behar izan duelarik. 93 puntista inguru dabiltzala zuzendu dio Urkirik, eta Goxarrik nabarmendu du, oro har, zenbaki onak izan dituztela. Orain, aldatu dena da «zerbaitetarako borrokatzeko aukera dagoela, umeen motibaziorako gakoa dena», bere ustez. Hala eta guztiz ere, onartu du urteen poderioz aldatu egin dela bere ikuspuntua, hein handi batean, Itziar Letek, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente eta bere emazteak, lagunduta. «Zortzi orduz igeltsero moduan lana egin eta gero, arratsalde osoa hemen egon, 15-20 urtetan... Batzuetan pentsatzen nuen, ‘zertan nabil’?»

Kirolaren bitartez disfrutatzea eta heztea, halaxe ikusten du zesta-punta Ion Zarandonak, hein handi batean hezkuntza mundutik datorrelako. Irakaslea da eta indar handia egin du pentsamolde horretan. «Lehiakortasuna sustatu bai, baina adin batetik aurrera. Txikitan talde polit bat eskaintzen dugu, pilotarien artean giro sanoa sortzen da, familia batean bezalakoa, eta leku batetik bestera mugitzen gara».

Ruben Lakidain: «Kirolak gozatzeko balio behar du, hemendik hori eta lagunak eramango baitituzte»

Theo Etchegarayk ere filosofia berarekin jarduten du. Irailetik dabil lanean Olharroan, bizitza osoan -6 urtetatik- bertan murgilduta egon den arren. «Aseta sentitzen naiz gazteen formakuntzan buru-belarri ibiltzearren, biharko txapeldunei erakustearren, bai eta klub honek antolatu nahi dituen jaialdien atzean egotearren ere». Bi getariarrek Patrick Lerga oroitarazi dute. Urtarrilean zendu zen, «klubeko eta herriko figura zen», pilotalekuan ere herria egin daitekeenaren isla. Bere omenez, bere izena jarriko diote maiatzaren 24an ospatuko den plaza libreko desafioari, Getariko 72 metroko pilotalekuan Bizkaia eta Iparraldea lehiatuko diren norgehiagokari: Erkiaga, Barandika eta Lekerika, Laduche, Irastorza eta Oyhenard-en aurka.

«Kirolak gozatzeko balio behar du, hemendik hori eta lagunak eramango baitituzte», dio Lakidainek. Gernikara doan bakoitzean ezagunekin topo egin eta garai zaharrak gogorarazteak sortzen dion poza deskribaezina zaio.

Zailtasun eta zirrara

Hamaika oztopori aurre egin behar die, lurralde bakoitzean kasuistika ezberdinak baitaude. Mutriku egonkortuta egon daiteke, inguruak ere hala laguntzen diolako -Berriatua eta Markina-Xemein ditu alboan, indar egiteko, eta Gipuzkoako herriartekoak ere indartsuak dira-, baina Gasteiz isolatuta dago. Araban ez dago beste eskolarik eta herriarteko txapelketan, esaterako, beraien artean lehiatzen dira. Hala ere, oro har, Euskal Herri mailan -Bidasoko bi aldeak elkartuz- urtarriletik maiatzera gazteen zenbait txapelketa badaudela diote denek. Hauez gain, klub ezberdinek txapelketa propioak ere eratzen dituzte: «Oso lehiakorrak izaten dira eta elkar ezagutzeko balio dute», ñabartu du noaindarrak.

Pilotak -zesta-puntak kasu honetan-, Euskal Herria zeharkatzen baitu. «Tolosa gertuago daukagu Cabanillas baino, pentsa nolako urrun gauden gainontzeko guztiok Cabanillasekoentzat!», dio barre artean Noaingoak.

Bilboko Levante Jai Alai elkarteko umeak, San Inazioko pilotalekuan entseatzen, plastikozko xisterekin. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES/FOKU)

Meritua guztiek dutela eta, oro har, zesta-puntaren loraldi honek «ez duela zertan moda bat izan» argitu du Lakidainek. «Ez dugu burua galdu behar, baina zesta-punta eskoletako osasuna ona dela esango nuke. Durangon gainbeheran zegoen eta berpiztu da, Bilbon ere ari dira, Bermeon ere sortu dute berriro ere, Hondarribian mugimendua dago, baita Tolosan ere, Cabanillasen ume gehiago dauzkate...». «Ezin duguna espero da garai batekoa, AEBetara joatea erraza zenekoa. Hemen bilatu behar da. Agian ez du izan behar dirua irabazteko kirol bat, baizik eta disfrutatzekoa, gazteenek egiten duten legez», jarraitu du.

Goxarriri esperientziak erakutsi dio gorabeheratsua izan dela zesta-punta, eta, beraz, tentuz dabil. Oraingoz, elite mailan, Eraman Jai Alai eta Jai Alive dabiltza lanean, baina hasiak dira beraien arteko ezinikusiak ere. Mutrikuarrak tinko uste du orain erakunde publikoek hartu behar dutela zezena adarretik eta ekonomikoki bermatu dezakeen babesle indartsuen bila joan behar direla.

Ion Zarandona: «Teknikoa eta zirraragarria da. Xistera eta kaskoa janzten dituzunean sentitzen duzuna ikusgarria da»

Zailtasunak zailtasun -materialak ere buruhauste asko sortzen baititu-, umeek daukaten ilusioa da pizgarri nagusia. Hasieran zaila da, baina «pilota sentitzen hasten zarenean, harrapatu egiten zaitu», deskribatu du Goxarrik. «Teknikoa eta zirraragarria da. Xistera eta kaskoa janzten dituzunean sentitzen duzuna ikusgarria da», dio Zarandonak. Zirrarak -eta lanak- mugitzen du zesta-punta, hilzoritik saihesteko, lelo bateratu batekin: «Zenbat eta ume gehiago egon, pilota handiagoa izango da».

Gasteiz Jai Alai Elkarteko haurrak. (Endika PORTILLO/FOKU)