
2025eko Santakurtzetako jaietako kontzertu nagusietarako proposamenak aurkeztu ostean, horien artean aukeratuta azken fasera heldu diren iradokizunak ezagutarazi ditu Udalak, herritarrek iritzia eman dezaten horien artean.
Bigarren fase honetara heldu diren taldeen artean Su Ta Gar, Dupla eta Nögen daude irailaren 12rako; Süne, J Martina eta Merina Gris 13rako eta Tanxungueiras, Alba Reche eta Ainhoa Cantalapiedra, 20rako. Gaur zabaldu dute botoa emateko epea.
Udalak azaldu duenez, otsailean eta martxoan zehar galdakoztarrek aukera izan dute beren artista edo talde gogokoenak planteatzeko. Azken urteetan egin duten parte hartze prozesu horretan, «euskararen presentzia eta emakumeen protagonismoa» bermatzen duten taldeak aukeratu dituzte bigarren fasera igarotzeko.
Lehen fasea amaituta, udal teknikariek aztertzen dituzte mahai gainean jarritako kontzertuak, «gutxienez bi kontzertu euskaraz izatea eta emakumeek gutxienez bi emanalditan presentzia nabaria izatea» bermatzeko.
16 urtetik gotako galdakoztar orok izango du bozkatzeko aukera apirilaren 19ra arte, parte hartze plataforman, eta aurrez aurre Torrezabal Kultur Etxean, Urreta kiroldegian eta Aperribaiko Liburutegian jarriko dituzten hautetsontzietan.