
Duela hamabost urte zabaldu zituen ateak Zaldibarko udal liburutegiak kokaleku berria estreinatuz. Apirilaren 23an izan zen, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta 15 urteko ibilbide hori ospatu nahi dute erabiltzaileekin.
«Zerbitzuak efemeride hori ospatuko du herritarrekin batera: liburuak, filmak edo diskoak mailegatzera gerturatzen direnek opari txiki bat jasoko dute trukean: Zaldibarko udal liburutegiaren arkatza», iragarri dute ohar bidez.
Arkatzak, halere, ez dira ospakizunen testuinguruan emango duten opari bakarra. Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta 24an, «maileguren bat egiten dutenek arrosa bat jasoko dute opari, Katalunian Sant Jordi egunez ospatzen den antzera».
Hamabost urte hauetaz egindako balantzean, zerbitzuaren erabileran ikusitako goranzko jokaera nabarmendu dute.
Javi Vidal udal liburutegiko arduraduna eta Nuria Alzagarekin batera zaldibartarrei zerbitzua emateaz arduratzen denak bilakaera hori erakusten duten datuak eskaini ditu.
«Hamabost urte hauetan asko igo da zerbitzuaren erabilera, liburuen maileguei dagokienez, batez ere. 2015ean, adibidez, 4.956 liburu mailegatu ziren udal liburutegian; iaz, ia hamar urte beranduago, 5.535 izan ziren, 500 gehiago. Zaldibar moduko herri txiki batentzat joera ezin hobea da», adierazi du Vidalek.
Gaur egun, 1.598 bazkide ditu Zaldibarko liburutegiak, eta etorkizunera begira, «zerbitzua erabiltzera eta irakurketaz gozatzera» deitu dute udal liburutegiko arduradunek.