«Badira kontatzea merezi duten bizitzak», horrela hasten da Amagoia Mujikak Amale Arzelus Arrieta donostiarrari buruz ondutako erreportajea. Eta bizpahiru datu nahikoa dira bere bizitzaren oparotasuna ulertzeko: lau urte eta erdi zituela eman zuen bere lehen hitzaldia jendaurrean (bere aita Ander Arzelus “Luzear” idazleak prestatzen zizkion); zortzi urte zituela euskaraz irratian aritu zen lehen emakume esataria izan zen (Donostiako “Union Radio” irratian), eta 88 urte zituela ordenagailuz idatzi zituen “nere oroimenak” izenekoak. Bertan jasota utzi zuenez, «euskera eta euskalerriaren maitasuna barren-barrenen sartu zidaten gertakizunak adierazten saiatuko naiz».
Orain, Jonan Zinkunegi Arzelus bere semeak jaso ditu amaren bizitzako xehetasunak “Arzelus Arrietatar Amale, Nere oroimenak” liburuan. 88 urte zituela amak egindako zirriborro horretatik, euskarari eta Euskal Herriari emandako bizitza baten ñabardurak jaso ditu Jonan Zinkunegik.
Haurtzaroan aitarekin izandako harremana eta egindako ekimen guztiak, gerra garaian izandako gora-beherak eta sufritutako jazarpena, ama bilakatzearekin batera bere etxean sortu zuen ikastolako oroitzapenak, azken unera arte erakutsi zuen euskararekiko eta Euskal Herriarekiko maitasuna eta konpromisoa...
Bai, badaude kontatzea merezi duten bizitzak.