Katxiporreta, gure nanoplaneta

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots belarretan etzanda daude, itsasargiaren ondoan, gaueko zeru izartsuari begira. Begirada anitz horiekin ari dira izarrei erreparatzen, konstelazio batzuk ere ezagutzen dituzte, izarren familiak dira. Ilargi betea dago gainera, meteoritoek bere kontra talka egindakoan eragindako kraterrak ere ikusten zaizkio. Porrotx txiki sentitzen da unibertsoaren aurrean, hain da handia! Orduan, Mari Mototsek nanoplaneta dela esan dio. «Katxiporreta, nanoplaneta?», galdetu du, «planeta txikia!», argitu dio Marimok. Pirritxek abestu dio: «Merkurio, Artizarra, mundua, Marte, Jupiter zein Saturno, hortxe aparte. Urano eta Neptuno, eta zer gerta? Zu zara gure, nanoplaneta».
LAGUN GUZTIAK HEMENTXE DITUGU!
Ilargi betea dagoenean, gamusinoak errazago aurkitzen dira, zartaginak astindu eta agertu egiten direla irakatsi zien Amatxo Loretok. Zakarrontzian bizi zen Loreto, parkeko loreen zaindari eta artista. Artista da Amona Josefina ere, etxeko sutondoan kontatzen diguna ipuina. Abuela Maria Luisaren lagun handi eta sukaldari fina, Periko Lapiko, Maribel Bexamel eta Patatari Jauna bezala. Makarroi tarta prestatu diote Izeba Maritxuri eta marrubizkoa Toribioto Erregeari, bueno, Toribioto “kintxoari”. Haurren eskubideak ezagutu zituenean erabaki baitzuen errege izateari utzi eta elkarbanatzea. Eskubideen artean, garrantzitsua da osasuna; Tiritatxok, Nagore sendagileak eta Joxek ondo dakite, buruan zapia eta eskuan ezpata, pirata guztiak itsasoratzen direla, eta batzuk ortzi-mugaraino heltzen direla itsasontzian. Piratarik ezagunenak, Ane, Patakon eta Tarrapatata pirata dira, bihurriak eta festazaleak! Festa inork maite badu, Bittori alkatea da hori, egunero txupinazoa jaurtitzen baitu udaletxeko balkoitik: ahoa, izterrak, txaloak eta…pun! Suziria Poxpolin Marisorginen erratzaren ondo-ondotik pasa da eta osaba Nikasioren kristala apurtu du! Eskerrak Marikalanbreren kikilisalda edan eta barrez lehertzen ari den. Serapio kaskagorra eta Jeronimo ere barrez ari dira, jolasa baitute arnasa. Ilargi eta Amalurrekin bizi dira orain baserrian, elkarrekin hobeto. Ukuiluan daude Margarita oiloa eta Zazpikoloroa, mila koloretako arrautzak erruten, eta Belekoi anderea, arrautzen zaindari. Baratzera irten eta Martin Bertsorekin batera bertsoak kantatzen dizkiete barazkiei. Largabistak, errima berberak abestu dizkie zuhaitz, mendi eta itsasoari, gora natura! Itsasoaz bestalde, zuhaitz gainean dator Txo Mikmak indio txikia, Tider ondoan. Berehala azaldu da Txilipito eta ez die paperik eskatu, besarkada goxo bana eman die, eta Lagun txakurrak eta Beltzik, aurpegia miazkatuz muxu. Alpargatak urratuta dituztela eta, Anakletok konpondu dizkie eta Kintxoren kometa luzearekin, barriletearekin, jolastera joan dira. Soka luze-luzea da eta Saturninoren espazio-ontzian korapilatu zaie, hau marka! Orduan, Plastikerrek material birziklatuarekin egindako bizikleta oparitu die eta hondartzara joan dira. Hantxe aurkitu dituzte Teresa Markesa eta Arantxa Plantxa, olagarroaren dantza egiten. Euria hasi eta euri tantek sudurrean txirrist egiten dietela, bizikletako katea apurtu zaie. Halako batean, Gorka konpontzailea agertu da eta istant batean konpondu die. Tantaka Yotankak eta Yumik eguzkia ekarri dute bueltan, eta esan du Gorkak: «Ikusten? Hodeiek ez zizueten eguzkia ikusten uzten».
BI HITZ, ESATEKO BEHIN ETA BERRIZ
«Pirritx, Porrotx, Mari Motots!- esan die ahots goxo batek- esna ametsetan zaudete!». Romi da, pailazoen aspaldiko laguna. «Ohartzen al zarete sortu duzuenaz? Abenturaz abentura oparitu diguzuena, mugarik gabea. Zenbat lagun, zenbat maitasun, zenbat bizipen, zenbat muxu banaketa, zenbat urdaiazpiko kroketa, zenbat topaketa aldageletan, zenbat sorpresa eder eta zenbat besarkada bitamina, zenbat elkartasun, asko jaso baina zenbat eman! Koloretako ametsik ederrena, zuek zarete gure nanoplaneta, gure familia milakolore».
Pailazoek, apal eta xume, begirada distiratsuaz entzun dituzte Romiren hitzak. Betiko lez, eskerrak ematera joan dira, muxu eta besarkada artean laguna kolorez margotzera. Baina orduan, jarraitu du neskatilak. «Norbait maite dugunean pila-pila-pila, denok egin nahi diogu opari bat argitsua, handia, berezia, borobila».
Bi hitz, errepikatzeko behin eta berriz: maite zaituztegu. Maiatzaren 3an, BECen, maitasuna ospatuko dugu. •