GAUR8

Gaur 20 urte hil zen Mario Salegi New Yorken

2005eko apirilaren 22an hil zen New Yorken Mario Salegi idazle, kazetari eta abertzale donostiarra. 1918an jaioa, frankismoaren lehen urteetan erresistentzian aritu zen eta 1941. urtean joan zen ihesi Ameriketako Estatu Batuetara. Hil ondoren, Aralarren egin zitzaion hileta ospakizun zibila.

Mario Salegiri egindako omenaldia ‘Verano del 36. Memorias de un gudari’ liburuaren aurkezpenean, 2005ean.
Mario Salegiri egindako omenaldia ‘Verano del 36. Memorias de un gudari’ liburuaren aurkezpenean, 2005ean. (Juan Carlos RUIZ)

Gaur dela 20 urte hil zen New Yorken Mario Salegi idazle, kazetari eta ezkerreko aktibista abertzale donostiarra.

Oso gaztea zela, PCEko Gazte Komunistekin zaletu zen, baina 1935ean Parisen konferentzia antifaxista batean parte hartu ondoren, Jagi-Jagin sartu zen.

1936ko gerra hasi zenean, Donostia frankisten esku ez jausteko ahaleginetan buru-belarri aritu zen. Geroago Eusko Abertzale Ekintzako (EAE-ANV) Euzko Indarra batailoian sorreran parte hartu zuen. Urkiolako gudan zauritua izan zen, baina Eusko Gudarostearekin Turtziozera heltza lortu zuen. Handik Santanderra zihoazela, Santoñan preso hartu zuten.

Dueson epaitu zuten eta, hainbat urteko zigorra ezarri arren, 1940an askatu zuten. Donostiara itzuliz, Euskal Erresistentzian kolaboratu zuen, eta hau erori zenean, Cadizera ihes egin zuen, eta hortik New Yorkera 1941ean. II. Mundu Gerra bete-betean, Amerikar Gerrako Itsas Armadan sartu zen eta 1945ean lizentziatu zen eta AEBetako nazionalitatea lortu zuen.

1946an Parisera joan zen, Eusko Jaurlaritzari laguntzeko asmoz, baina ez zuen espero zuena aurkitu eta AEBetara bueltatu zen. 1952an Miriam Nurnbergekin ezkondu zen, eta harrezkero idazteari ekin zion.

Salegik, New Yorkeko bere etxean, jazarpen politikoa jasaten zuten hainbat kide babestu zituen, FRAPen eta ETAren ingurukoak barne.

‘Morir en Irun’ (Elkar, 1980), ‘Verano de 1936 memorias de un gudari’ (Txalaparta, 2005) eta ‘Operacion Carlomagno. Novela de la resistencia vasca’ (Ediciones Libertarias, 1988) lanen egilea da. Iñaki Egañarekin batera ‘Expediente vasco. CIA y FBI en Euskal Herria’ (Txalaparta, 2003) idatzi zuen baita ere.

Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartua zuela, 2005eko apirilaren 22an hil zen New Yorken eta Aralarren egin zitzaion hileta ospakizun zibila Fermin Etxegoien, Jose Angel Irigarai, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Iñaki Egaña eta Mirentxu Purroy-ren parte hartzearekin, besteak beste.