
2005eko apirilaren 27an izan zen Airbus A380 hegazkin baten lehendabiziko hegaldia. Munduko hegazkin komertzialik handiena da eta hegaldi hau mugarria izan zen hegazkintza komertzialaren sektorean.
Airbus enpresaren egoitza nagusietako batetik aireratu zen hegazkina, Okzitaniako Toulouse-Blagnak aireportutik eta zirkuitu itxiko hegaldia izan zenez, aireportu berdinean lurreratu zen. Hiru ordu eta 54 minutuz egon zen hegazkina airean eta tripulazioa sei lagunek osatutakoa zen, proba-pilotuak eta hegaldi-ingeniariak barne.
Pilotu nagusia Jacques Rosay izan zen, garai hartan proba-pilotua zena. Bera laguntzeko Claude Lelaie egon zen, Airbuseko hegazkin-proben zuzendaria, kopilotu bezala. Hegaldia amaituta, Rosayk esan zuen «oso erraza eta naturala» izan zela hegaldia.
Hegazkina zerbitzu komertzialetan sartu aurretik beharrezkoak ziren frogen hasiera izan zen hegaldi hau. Beraz, hainbat maniobra tekniko egin ziren hegazkinaren portaera aztertzeko eta, arrakasta izan zuenez, txalo artean hartu zuten hegazkin berria lurreratzerakoan.
Bi solairu osoko egitura du Airbus A380 aireontziak eta 800 bidaiari baino gehiago hartzeko gaitasuna dauka, konfigurazio jakin batzuetan.