Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Arkitektura eta medikuntza

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Bioeraikuntza eraikitzeko modu alternatibo bat da; gutxinaka hedatzen ari den eraikuntza eredua bada ere, ohiko eraikuntzaren nagusitasunaren azpitik dagoena erabileran. Bioeraikuntzak espazioen osasunaz hitz egitea ekarri du arkitekturara, besteak beste. Bio-tomatea jatearen aukerarekin gertatzen den antzera, bio-espazioetan bizitzea osasungarriagoa baita. Gertuko material naturalekin egindako espazioak eraikitzea esan nahi du, kimikorik gabeko espazioetan murgiltzeko. Sentsibilitate “berri” honek gogorarazten digu etxeetako margo plastikoaren erabilera gure arnasketarako ingurunerako bezain kaltegarria dela. Espazio bat egiteko unean aukeratzen dugun materialak eraginak ditu gure osasunean eta ingurune naturalean, inguruneaz gehiago hitz egiten bada ere giza gorputzaren ongizateaz baino.

Mediku naturalista bati irakurri diot medikuntzako ikasketa ofizialean ohiko medikuntzako tratamenduak irakasten direla, kimika sintetikoetan oinarriturikoak. Osasunaren zaintzarako bestelako eredu naturalagoak ofizialtasunetik kanpo ikasi behar dira, ze, diotenez, zientziaren babesik eta frogarik ez dute. Medikuntzaren egoera arkitekturarenarekin parekatu daiteke; arkitekturako ikasketetan ohiko eraikuntza irakasten da batik bat. Hormigoi armatua, altzairua eta egur laminatuzko egiturak eta industrializaturiko sistemak. Irakasten zaigu eraikuntza hegemonikoa, gehien erabiltzeagatik jakin beharrekoa. Irtenbide profesionala duen ikasketa, argudiatuko zaigu. Ingurunearen zaintzari begira, eraikuntzaren ikasketetan bioklimatika irakasten da, berriztagarrien instalazioaren nagusitasunarekin, berriz ere, industriako sektoreak babesten dituen gailuen inguruan.

Bioeraikuntzari buruz esaten zaigu esperimentalegia dela, artisaugintzaren esparruan sartzen dela; eraikuntza tradizionalarekin lotzean, beste garai bateko eraikuntza ereduen zakuan sartzen da, esan gabe baina argi utziz «atzerakoia» dela. Ohiko eraikuntzak hartzen du garapenaren ikurra. Bioeraikuntzan ezagutza espezifikoa izateko, eskola ez ofizialetako masterrak egin behar dira, edo autoeraikuntzako ikastaroetan izena eman. Ohiko eraikuntzaren eta bioeraikuntzaren arteko desberdintasun nagusietako bat da, lehena industrializazioaren eta estandarizazioaren prozesuetan txertagarria dela, eta bigarrenak zailtasun gehiago dituela (geroz eta eraikuntza produktu industrial gehiago bioeraikuntza lez saltzen diren arren). Farmaziaren industrian eta eraikuntzaren industrian, ekonomiek gidatzen dituzte medikuntza zein arkitekturaren ikasketak, eta gorputza eta espazioaren ulermen konkretu bat osatzen dute.

Bioeraikuntzak, berriz, ekonomiaren sistematik desbideratzen gaitu, berez, bertako material merke eta eskuragarriekin egitean datzalako. Lurra, harea, karea, kalamua, ardien ilea, lastoa, zuntzak, pigmentu naturalak... Ikerketa ofizialak ere ari dira biomaterialak industriarako aztertzen, eta orduan, bioeraikuntzaren esentzia zatiren bat galduko dute bidean, bio-zigilua eskuratzean. •