Berriztagarriak, isuriak eta anbizioa
Erresuma Batuan egonda, itzalaldiaren berri telefono mezu baten bidez jaso nuen, ia istantean. Senideak ongi zeudela ziurtatu eta segidan bizi-sena piztu zitzaidan: etxera joango al nintzen ziztuan, bateriak entxufatzeko? Nahitako erasoa izan bazen, beste herrialdeetara heda zitekeen.
Garai honetan hedatzen ari den paranoia belikoak horrelako pentsamenduak sorrarazten ditu. Pentsamenduok bere kabuz agertzen dira, baina talde interesatuek nahita hedatzen dute beldurra. Zorionez, pentsamendu hari jarraitu ordez, eguzkipean ogitartekoaz gozatu eta lanera itzuli nintzen. Era berean, energia itzalaldiaz baliatzen dira zenbait sektore energia iturri berriztagarrien aurkako istorioak hedatzeko. Eta gaia puri-purian dagoen bitartean, ez dugu iparra galdu behar. Abagune ederra baitago hurrengo hilabeteetan herriaren energia eta klimarekiko estrategia eztabaidatzeko, hurrengo urteetarako helburu berriak erabakitzeko.
Orain dela bi aste pasatxo, Eusko Jaurlaritzaren 2021-2024ko Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren ebaluazio txostena argitaratu zen. Bi ondorio nagusiren berri ematen du: berotegi efektuko gasen (BEG) isurien helburua lortu dela baina elektrizitatea ekoizteko iturri berriztagarriena ez, ordea.
Planaren lau urtetan lortu beharreko helburu bat BEG isuriak %30 murriztea zen, eta %33a lortu da, behin-behineko datuen arabera eta 2005 urtearekin alderatuta. Bestalde, berriztagarriak energiaren 0.2 portzentaje puntu gehiago ekoiztera iritsi dira epe horretan, baina helburua 3.1 puntutan igotzea zen, energia osoaren %20 izan arte.
Itxuraz, berri ona da, klima larrialdiari aurre egiteko garrantzitsuena isuriak murriztea baita. Nola egin, bigarren mailako kezka da: berriztagarriak hedatuz, energia efizientzia hobetuz edota garraio sistema eraldatuz, autoen mendekotasuna eta garraio motorizatuaren beharra gutxitzeko.
Txostenaren bi ondorioekin lotuta, eztabaidarako bi gogoeta datoz. Batetik, BEG isuriak mugatzeko helburua handiagotu daiteke aurrerantzean, zenbait herrialdek egin duten bezala. Europako Itun Berdearen arabera, 2030erako isuriak %55 murriztu nahi dira, Espainian %32, Frantzian %40. Denak 1990eko isuriekiko. EAEko helburuen erreferentzia, ordea, 2005. urtea da (25 milioi tona isuri ziren). Erreferentzia urtearen hautua ez da kontu xumea, eta Kyoto Protokoloaren negoziazioetan liskarra ekarri zuen. EAEn 2023an 17 milioi tona inguru isuri baziren, 1990ekin konparatuta (ia 21 milioi tona) murrizketa %18 ingurukoa da, eta ez %33. Ohiko erreferentzia urtea ez hartzeko arrazoi anitzak egon daitezke, baina horiek ez dira aitzakia asmoak txikiagotzeko.
Bestetik, berriztagarrien aurrerapen falta ez litzateke erabili behar proiektu berriak inposatzeko. Halako proiektu batzuk aurkakotasuna topatzen badute, parte hartze faltagatik da neurri batean. Herriak proiektuen jabe sentitu behar du, eztabaida eta erabakiak bereganatu. Inposatuak datozela sumatzen bada, boterearekiko mesfidantza badago, orduan helburuei buruzko zenbakien argumentu sinpleak ez du onarpena indartuko. Jakina da helburu orokorrean adostea errazagoa dela, xehetasunetan baino. Baina ingurumenaren aldeko politikek ez lituzkete polarizatu behar ingurumenaren alde daudenak (eta azken inkesten arabera, asko dira). Elkarlanean eztabaidatu behar dira xehetasunak, kalte gutxien eta onura gehien ekarriko dituzten irtenbideei bide emateko.
Lau urteko planaren amaieraren ostean, epe ertain eta luzerako estrategiak garatzear daude, 2030 eta 2050erako. Aukera bikaina da orain, plan berrietan anbizio handiagoko helburuak erabakitzeko. •