Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
INAXIO SANZ
MENDIZALEA

«Norberak bere burua ezagutu behar du mendian, eta pausoz pauso joan»

Mendizale amorratua eta hernaniar petoa, herriko bazterrak begiz eta istorioz ondo ezagunak ditu. Hernaniko 17 ibilbide labur osatu ditu, ordu pare bateko buelta samurrak, edozeinek gustura egiteko modukoak. Herria ertz desberdinetatik ezagutzeko eta ariketa fisikoa egiteko.

(Argazkiak: Jon URBE | FOKU)

Hernaniko Goiz Eguzki Bilgune Sozialetik egin zioten enkargua. Adineko herritarrentzat bizpahiru ibilbide antolatuko ote zituen, samur egitekoak, Hernani inguruan. Baina, behin hasita, berak ez omen daki bizpahiru bakarrik egiten.

Inaxio Sanzek (Hernani, 1951) 17 ibilbide labur diseinatu ditu. Badituzte ezaugarri propioak proposamen horiek: herriko plazatik abiatzen dira eta bertan bukatu; herriko bazter desberdinak ezagutzeko bidea ematen dute; ez da autorik edo bestelako ibilgailurik hartu behar; laburrak dira eta malda gutxikoak.

Hernaniko Udalak liburuxka batean bildu ditu eta turismo bulegoan daude eskura. Ibilaldi bakoitzak QR kode bat dauka, mugikorretik kokagune zehatza ikusi ahal izateko. Berez adinekoek eskatuta marraztu zituen Sanzek, baina adin guztietako herritarrei bide ematen die Hernani beste ertz batzuetatik ezagutzeko. Ez da kasualitatea enkargua Inaxio Sanzi egin izana; hernaniar peto-petoa izateaz gain, mendizale apasionatua da. Arnasa hartzea bezala behar du mendia.

Zuregana jo zuten Hernaniko ibilbide laburrak egiteko enkarguarekin. Ez alferrik, oso ondo ezagutzen dituzu herriko bazterrak.

Egia da hori. Ni nire bizi guztian mendian ibili naiz. Egia da ez naizela Gipuzkoan bakarrik ibili, Nafarroan asko, Bizkaian gutxiago baina leku garrantzitsuetan bai, eta Araban berdin. Eta Pirinioetan ere asko ibili naiz.

Nondik datorkizu zaletasun hori?

Egia esan, ez dakit. Gure aita ehiztaria zen, baina nik ez dut eskopetarik ukitu inoiz. Ama baserritarra zen, Andoaingo baserri batekoa. Hara asko joaten ginen udan, eta akaso hortik etorriko zait naturarekin lotura.

Baina normalean baserritarrak ez du mendia ikusten aisialdirako aukera bezala.

Baserritarrak normalean mendia lanerako ikusten du. Gero ez du ezer jakin nahi izaten mendiaz. Baina naturarekiko ardura badauka baserritarrak normalean.

Euskalduna oso mendizalea omen. Hala ere, ez da hain aspaldiko joera.

Nire kasuan, futbolean aritzen nintzen. Inguruko herrietan izaten genituen partidak. Ni ere han sartu ninduten lagunek, baina nik nahiago nuen mendira joan asteburuetan. Hasieran geratzen nintzen Hernanin partidaren bat genuelako, baina gero eta gehiago hasi nintzen mendira joaten eta futbola utzi nuen, erabat mendian ibiltzeko. Lanera -delineatzaile bezala- eta mendira.

Baserritartzat edo kalekumetzat duzu zure burua?

Ni kalekumea naiz. Amaren baserrian dezente ibilia hamabost urtera arte, baina kalekumea naiz. Baserri ingurutik jasoko nuen segur aski mendia ikusteko modua, natura zaintzeko modu bat.

Zer ematen dizu mendiak?

Niri dena eman dit mendiak. Desiratzen egoten nintzen asteburua iristeko eta mendira joateko. Emazteak ere dezente segitu dit eta horrek asko balio du. Eta gero Hernaniko Mendiriz Mendi elkartean sartu nintzen, eta horrek ere asko markatu du nire bidea.

Elkarteko presidentea izan zinen 1990-1991 urteetan.

Bitxia da nola iritsi nintzen presidente izatera. Mendiriz Mendi Elkartea 1946an sortu zen eta ni 1990ean sartu nintzen. Emazteak Kantuz abesbatzan abesten zuen, seme-alabak txikiak ziren eta ni haiekin geratu ohi nintzen emaztea abesbatzara joaten zen bitartean. Kiroldegian elkartearen asanblada zegoen eta ni berandu iritsi nintzen, emaztea entsegutik etorri zenean. Inork ez zuen hartu nahi lehendakaritza, egoera txarrean zegoen elkartea, ez zuen apenas irteerarik antolatzen… Anaiaren kuadrillako batzuk zeuden bertan, ni baino hamar urte gazteagoak. “Hartuko al diagu guk?”, hasi ziren galdezka. “Tira, hartu behar bada hartuko dugu” esan, eta horrelaxe hartu genuen taldea. Baina segituan jakin nahi zuten presidente zein izango zen. “Inaxio, hori gure aldean serioa duk”, esan zuten. Berandu sartu bilerara eta presidente atera. Ez zait inoiz ahaztuko.

Mendi elkarteak. Orokorrean lan garrantzitsua egin dute, baina akaso ez zaie merezi adinako garrantzirik eman.

Gutxi laguntzen zaie. Eta lan handia egin dute mendizaletasuna bultzatzen. Adibidez, ni mendian buzoiak jartzearen aldekoa naiz. Umeentzat garrantzitsuak dira. Batzuek esaten dute zertarako jarri burdina mendi puntan; beste batzuek ez dakite mendiko buzoiak zer diren ere. Garai batean mendietan puntan dauden buzoietan biltzen ziren txartelak jasotzen ziren. Mendi elkarteen egitekoa izaten zen buzoiak begiratu, txartelak bildu, zigilua jarri -mendia igo zutela ziurtatzeko- eta txartela bere jabeari bere herrira bidaltzea bueltan. Orduan adin guztientzat lehiaketak egiten ziren; erronka zen 20.000 metro urtean, edo 10.000, edo dena delakoa. Umeentzat ere izaten ziren lehiaketak eta nik oso interesgarria ikusten dut. Mendira igo, zure txartela bota, bueltan zigiluarekin jaso, zenbat metro egin dituzun kalkulatu… horrek xarma handia dauka. Jasotzen duenak elkartearen izena eta zigilua jarri eta bueltan bidali behar dio.

Nik garrantzi handia ematen diot umeen kasuan. Nire bilobekin ikusten dut zer-nolako ilusioa egiten dien mendiko postontzian bota duten txartela etxean bueltan jasotzeak. Hemengoak orain nik bidaltzen ditut, ohitura hori galdu egin delako toki askotan. Nik ere badakit postontzi bat burdin pusketa bat dela mendian, baina, era berean, mendizaletasuna bultzatzeko modu ederra iruditzen zait.

Mendiriz Mendiko presidente izan zinenean, lan handia egin zenuen haurrekin; umetatik mendizaletasuna sustatzea erronka garrantzitsua izan da zuretzat.

Bai. Guk hartu genuen garaian ez zen irteerarik antolatzen umeekin, utzita zegoen alor hori. Gure taldea hasi zen berriz. Hasieran gogorra izan zen, hiruzpalau haur bakarrik agertzen ziren irteeretara. Baina pixkanaka jendea animatzen joan zen, autobusa antolatzeraino.

Niretzat garrantzitsua da umeei mendia maitatzen erakustea. Baina maitatzeko, mendia ezagutu egin behar dute, eta mendian nola ibili ikasi, ondo zer dagoen eta gaizki zer dagoen jakin.

Seme-alabei eta bilobei transmititu diezu mendiarekiko maitasun hori.

Bai, eta umeak gusturen taldean joaten dira, kuadrillan. Horrela joaten bazara, ez dute lanik ematen. Seme-alabak asko ibili dira mendian. Familia osoak Monte Perdido egin genuen nerabeak zirela. Niretzat oso garrantzitsua izan da seme-alabei eta bilobei hori transmititzea. Mendira joateak naturara lotzen zaitu eta harremanak egiten laguntzen dizu. Baserritarrekin zeozer hitz egin, kontu batzuk esan… bada jendea nik menditik bakarrik ezagutzen dudana. Harreman berezia da.

(Jon URBE / FOKU)

Egunero egiten duzu bueltaxka.

Ahal badut bai. Niretzat beharrezkoa da. Besterik ez bada, egunero ordu eta erdiko edo bi orduko buelta bat ematen dut.

Mendizaletasun klase desberdinak daude. Batzuentzat urrutira eta balentria handiak egitera joatea da; beste batzuentzat inguruko mendietan goiz pasa egitea.

Gu Pirinioetan ibili gara dezente. Eta gero, Euskal Herriko mendietan asko [karpeta batean jasoak dauzka urtez urte egin dituen mendi bueltak. Eguna, tokia, distantzia, nondik abiatu den, zeinekin egin duen...]. Nafarroa oso zapaldua daukat, Gipuzkoa ere bai… oraindik ere egunero-egunero apuntatu egiten dut osatzen dudan buelta. Martxoan egun bakarrean ez naiz joan mendira, gainontzeko egun guztietan bai.

Mendiriz Mendi elkartearekin 25 urtetan egin ditudan mendi ibilaldi guztiak ere jasoak dauzkat. Horretarako ni aurretik joaten nintzen, ibilbidea ezagutu, zehaztasunak apuntatu… gero taldean joaten ginen egunean dena kontrolpean izateko. Eta haurrekin ere egiten genituen irteerak.

Hortaz, jasota daukazu urtero egiten duzun distantzia.

Bai. Joan den urtean 2.800 kilometrotik gora egin nituen. Begiratu nuen eta Hernanitik Cadizera joan-etorria litzateke, eta beste 700 kilometro soberan.

Mendiko arropa teknikoa modan dago. Mendi buelta txiki baterako ere, ondo ekipatuta joaten denik bada...

Nik baditut Goretex onak, mendi handietan ibili naizelako eta horietan garrantzitsuak direlako. Eta mendian ibiltzeko botazalea izan naiz, orkatilak ondo lotuta ibiltzeko. Baina hemen zapatilekin ibiltzen naiz. Ez diegu garrantzi handirik eman gauza horiei.

Ni konturatzen naiz gaur egunean inoiz mendira joan ez, behin joango, eta 3.500 metroko mendi batera joan behar duela askok. “Motel, hasi hadi Aizkorrira igotzen eta gero joan hadi pixkanaka gehitzen”. Garrantzitsua da non eta nola zabiltzan jakitea. Norberak bere burua ezagutu behar du mendian, pausoz pauso joan eta baliabideak eduki zerbait gertatzen bada ondo erreakzionatzeko.

Nik zortea izan dut, ez dut ezustekorik izan mendian. Beti joan naiz ondo prestatuta eta etxetik ondo begiratuta gauza guztiak. Orain GPSa daukat, baina irteera asko eta asko GPS gabe prestatu ditut, planoarekin beti. Planozalea naiz eta ondo interpretatzen ditut.

Batzuetan kirola, mendia, jarduera fisikoa gaztetasunarekin lotzen da. Badirudi zahartzean gauza batzuk alboratu egin behar direla.

Nik, ahal badut, egunero egiten dut buelta. Norberak bere neurrian, beti egin dezake zerbait. Goiz Eguzkitik jubilatuen ibilaldiak egiten ditugu. Egitea ona da, bai gorputzarentzat eta bai buruarentzat. Niri mendiak poz asko eman dizkit. Ez naiz beti mendi berera joatearen edo ibilbide bera egitearen zalea, aldatzea gustatzen zait. Bakoitzak ahal duen neurrian, baina egin.

Hernaniko plazatik abiatuta osatu dituzu ibilaldiak. Ondo ezagutzen duzu herria, majo aldatzen ikusiko zenituen ibilaldietan jaso dituzun bazter horiek.

Bai, asko. Ez da sinistekoa guk Hernani nola ezagutu dugun. Orain kiroldegia dagoen auzoan, dena baratzak ziren. Berdin Txantxillako auzoa, futbol zelaia eta baratzak. Orain zementua dago toki guztietan, asko aldatu dira bazterrak.

Euskaldunagoa al zen herria lehen?

Bai. Baina gure garaian ez zegoen ikastolarik. 1957an jaioa da nire anaia, eta belaunaldi hori da ikastolara joan zen lehena. Guk ez genuen euskaraz ikasten, baina etxean euskaraz egiten zen. Gure aitona Guadalajarakoa zen, baina gure aitak oso ondo egiten zuen euskaraz. Ama bertakoa zen eta aita asko ibiltzen zen inguruko baserrietan. Gure etxean euskararekin gogorrena gure aita zen: “Hemen euskaraz hitz egingo duzue. Ate horretatik ateratzean nahi duzuena egin”, esaten zuen beti.

(Jon URBE)

Gatozen Ibilbide Laburretara. Guztira 17 marraztu dituzu. Berez jubilatuek eskatuak, baina edozein adinekok egiteko modukoak.

Ibilbideak ordu eta 45 minutu eta bi ordu eta erdikoak dira, tarte horretan. Kilometrotan, zazpi eta hamar kilometro eta erdi artekoak. Igoera metatua, 170 metrotik 270 metrora. Bada ibilaldi bat, gogorrena, Hernaniko bi ermitak batzen dituena, Santa Barbara eta Zikuñaga. Hor malda gogorxeagoak daude, igoera metatua 360koa dauka. Polita da ibilbide hori, baina gogorrena izango da.

Edozeinek goiz batean lasai egiteko moduko ibilbideak dira. Haurrekin ere egin daitezke. Edota edozein hernaniarrek, goiz batean ordu pare bateko buelta egin nahi duenak. Ibilbidearen parte handiena asfaltatua izaten da, nahiz eta tarteren batean mendi bidea izaten den kasu gehienetan.

Ibilbide horiek badituzte beren berezitasunak. Tokiek istorioak kontatzen dituzte, eta zuk gidatu izan dituzunean, azalpen horiek gustura entzun dituzte jubilatuek.

Badaude istorioak, bai. Adibidez, seigarren ibilbidean; Etxeberri, Arizmendi, Oriamendi, Bidaurreta, Balantxa, Antziola, Marieluts, Plaza Berri. Ibilbidearen zatirik handiena herrian ibiliko gara, eta gero, Arizmendi ondoren, Donostian sartzen gara. Gero Oriamendin, bertan lehen Karlistaldian, 1833an, tropa ingelesa egon zen Donostia defendatzen, baina karlistek eraso handi bat egin eta ingelesek alde egin behar izan zuten. Ingeles asko hil ziren bertan eta Urgulleko ingelesen hilerrian ehortzi zituzten. Bigarren Karlistaldian, 1875ean konpondu egin behar izan zuten eta 1936ko gerran ere erabili zuten Oriamendiko fuertea.

Zazpigarren ibilbidea, Hernani eta Astigarraga artean kokatzen da. Hori aproposa da Astigarragako historia kontatzeko. Garai batean Astigarragako herria Santiagomendiko bizkarrean zegoen, Plazaetxe dagoen inguruan. Udaletxea zen lehen. Gaur herria dagoen gunea Murgiako Palazioaren esku zegoen. Murgiako jaunek lursail handiak zituzten. Ergobiko zubia gurutzatzeagatik bidesaria ordaindu beharra zegoen. XIV. eta XV. mendeetan Astigarragako etxeek 500 marabedi ordaindu behar zituzten, etxeko bi emakume bidali zenbait lan egitera eta idi pare bat jarri Murgiako jauntxoen esku. Hori zen herritarrek ordaindu behar zuten zerga.

Nik herria pixka bat ezagutzen dut eta saiatu naiz istorio desberdinak biltzen dituzten tokiak aukeratzen ibilbide horietan, herriko kontuak azaltzeko. Hernanin, adibidez, izan ziren ur eskasia zegoen urteak. Garai hartan bazen Balentin Berrondo izeneko hernaniar bat, Loidi ondoko baserri batekoa, eta sekulako ur depositua zeukan bertan. Oraindik han dago. Ur depositua berea zen eta Udalarekin akordio batera iritsi zen, depositu hartatik herrira ura partitzeko. Horrelako gauzak azaltzen ditut nik ibilaldi horiek egiten ditugunean.

Orain ibilbide laburrak osatu dituzu. 2010. urtean, Hernaniko Ibilbide Urdinak osatu zenituen.

Bai. Iñaki (Sanz-Azkue) semeak, Ibai Olariagak eta Joserra Diezek Hernaniko natur ondarearen ikerketa egin zuten, eta toki interesgarri dezente bildu zituzten. Proposatu zidaten leku horiekin ibilbide sare bat osatzea, eta ibilbideak nik egin ditut. Hernaniren historia eta ondarea biltzen dituzten ibilbideak dira. Batzuek autoz mugitzea eskatzen dute, horretan Ibilbide Laburrak eta Urdinak desberdinak dira. Baina horietan oso leku ederrak eta istorio oso politak daude.

2016. urtean Hernaniko Udalak Kirol Ibilbidearen Saria eman zizun.

Poza eman zidan. Egindako lana baloratzen dela sentitu nuen. Hernaniko Urtekarian ere urte askoz aritu naiz koordinatzen. Herrian jende asko ezagutzen genuen eta bagenekien zer zeini eskatu. Orain uste dut hori zailagoa dela.