Talde irlandarraren ibilerak kontatzen dituen filma, euskarazko azpitituluekin

Kneecap musika talde irlandarra hizpide bilakatu da berriki Israelen jokabidea salatzeagatik jaso duen jazarpena medio. Hip-hop-a lantzen duen Belfasteko hirukote honen istorioa “Kneecap” izeneko filmean jaso zuen Rich Peppiatt zuzendariak, eta euskaltzale talde batek azpitituluak euskaratu ditu.

Hirukotea, kontzertuetan erabili ohi duten janzkerarekin.
Hirukotea, kontzertuetan erabili ohi duten janzkerarekin. (FILMIN)

Rich Peppiatt-ek idatzi eta zuzendutako "Kneecap" filmak izen bereko hip-hop talde irlandarraren benetako istorioa kontatzen du. Belfast mendebaldeko hiru gaztek, gaelerak bizi duen bazterkeriarekin gogaituta, rap talde bat sortzea erabaki zuten, Irlandako hizkuntza aldarrikatu eta gazteen artean zabaltzeko asmoz. Hasieran proiektu apala zenak, ordea, sekulako arrakasta izan du nazioartean.

Liam Óg Ó Hannaidh "Mo Chara", Naoise Ó Cairealláin "Móglaí Bap" eta JJ Ó Dochartaigh "DJ Próvaí" dira 2017an abentura horri ekin zioten hiru gazteak, eta 2024an estreinatutako filmean bakoitzak bere pertsonaia antzezten du. Irlandako iparraldearekin lotura oso estuak dituen Michael Fassbender aktore ezagunak ere parte hartzen du.

Drama eta komedia nahasten dituen filmak Belfasteko testuinguru politikoa, bertako egoera soziolinguistikoa eta industria musikalaren barrunbeak erakusten ditu, baina betiere bizitza abiadura handian eta gizartearen arauei ihes eginez bizi nahi duten gazte batzuen ikuspuntutik.

Lantzen diren gaiek Euskal Herriaren eta euskararen ikuspuntutik duten interesak bultzatuta, eta filmak duen balio zinematografikoa ere kontuan hartuta, euskaltzale talde batek pelikularen azpitituluak euskaratzea erabaki du. Auzolanean egindako lana izan da, eta erakunde desberdinekin lortutako akordioei esker, filma Euskal Herrian ezagutarazteko aukera emango du.

AUZOLANAREN EMAITZA

«Egia esan, batek baino gehiagok izan genuen bat-bateko bulkada hori: filma ikusi, musika taldea ezagutu eta taldeari buruz irakurtzen hasi, normalean musikazalea edo zinemazalea denak egin ohi duena, are gehiago gaur egun eskura ditugun informazio bide guztiekin. Azken batean, pentsatuta pelikula honek gurean zabaltzea merezi zuela. Eta hizkuntzarekin lotura estua duen istorioa izanik, merezi zuela bertsio originalean ikustea», azaldu digu Patxi Gaztelumendik, euskaratze-prozesuan parte hartu duen kideetako batek.

«Zinema pantaila gehienetan, Hego Euskal Herrian behintzat, bikoiztuta eman ohi da», gehitu du Gaztelumendik zine aretoei dagokienez. Baina streaming plataformek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte: «Hego Euskal Herrian Filmin-en ikus daiteke. Hasieran espainolezko bertsioa zegoen. Baina originala ere berehala egon zen eskuragarri, espainolezko zein katalanezko azpitituluekin».

IRAren eta borroka armatuaren osteko belaunaldikoak direla aldarrikatzen dute. (FILMIN)

«Orduan, azpitituluak.eus webguneko arduradunekin harremanetan jarri ginen eta beti egin ohi duten prozedura jarri genuen martxan», jarraitu du larrabetzuarrak. «SRT deitzen den artxibo hori jaitsi, azpitituluak lerroka idatzita dituena, irudiekin sinkronizatu ahal izateko denbora kodeekin, eta auzolanean euskaratzen hasi ginen. Telegram talde bat sortu genuen eta dozena bat lagun jarri ginen lanean. Bakoitzak 200 bat lerro eginda berehala euskaratu genuen, aste batean edo bitan».

HARRERA BIKAINA

Pelikularen berezitasunek, gainera, errazagoa eta interesgarriagoa egiten zuten euskaratze prozesua. «Ez da testu asko daukan pelikula bat. Musika bai, musika asko dauka eta abestiak ere euskaratu ditugu. Alde horretatik lana ez da batere zaila izan, baina bai emankorra».

Patxi Gaztelumendik azpitituluak.eus webguneak egiten duen lana nabarmendu nahi izan du, alde batetik. «Artxibo hori azpitituluak.eus webgunean eskuragarri dago beste ehunka pelikularekin batera. Hor azpimarratu behar da egiten ari diren lana, plataforma desberdin askotako hainbat pelikularen euskarazko azpitituluak hortik hartzen dira».

Eta bestetik, Filmin-ek une oro erakutsitako begirunea ere azpimarratu du. «Filmin-ek borondatea erakutsi du azpititulu horiek bere plataforman eskuragarri jartzeko, eta halaxe egin zuen berehala. Gainera, Filmin-ek du pelikularen distribuzio eskubidea espainiar Estatuko zinema aretoetan, Hego Euskal Herrian eta Katalunian ere bai, beraz, eta filma publikoki erakusteko akordio bat lortu genuen».

Akordio horren inguruko xehetasun gehiago ere eman dizkigu: «Pantailaldiari -datorren asteartean 20.00etan emanaldia izango da Bilboko Kafe Antzokian- eta Euskaraldiari begira lortutako akordioa da, eta orain, Kultur Errotaren bitartez, pelikula eskuratu daiteke. Edozein euskal-, zinema- edo musikazalek bere herrira eraman dezake Oscarretara ere iritsi den film hau, nazioartean arrakasta lortu duen musika talde honen istorioa».

HIZKUNTZAREN GARRANTZIA

Filmak erakusten duen errealitateak hainbat konparaketa onartzen ditu Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin, hizkuntzaren afera etengabe agertzen delarik. Alde horretatik, kasu honetan balio berezia du bertsio originala ikusteak, pertsonaiek ingelesa eta gaelera erabiltzen dituztelako, eta hizkuntzaren hautuak berak ere garrantzi handia hartzen duelako une bakoitzean.

«Ez dakit ongi dagoen guk esatea, baina Irlandara joan den edozein euskaldunek badaki bertako biztanleek ingeles berezi bat egiten dutela. Nahiko erraz antzematen da ingelesez ari dena irlandarra den edo ez. Jargoi moduko bat erabiltzen dute, are gehiago gazteen artean. Baina horrez gain, film honetan gaelikoak badu zati oso garrantzitsu bat, gure ikuspegitik oso erakargarria dena», aipatu du Patxi Gaztelumendik.

Filmeko beste fotograma bat. (FILMIN)

«Zenbaiti "Trainspotting" gogoratzen die, baina badu Irlandako historiaren eta izatearen ukitu bat, betiere oso modu kritikoan eta ironikoan kontatua. IRAren eta borroka armatuaren osteko belaunaldikoak direla aldarrikatzen dute, eta horrek dakartzan ondorioak eta traumak. Hori musikarekin, drogarekin eta errebeldia horrekin lotzen da. Eta niretzat indar handia ematen dio benetako gertaeretan oinarrituta egoteak. Musikariek beraiek egiten dute beraien papera pelikulan. Ez dira aktoreak, benetako musikariak dira», gehitu du.

GOGOETARAKO PARADA

Istorioaren abiapuntua bera ere aski ezaguna egiten zaigu euskaldunoi. «Pelikulan kontatzen diren gertaerak euskaldunontzat oso gertukoak egiten dira. Atxilotzea pintada bat egiteagatik, poliziaren jazarpena sufritzea, zurea ez den hizkuntza batean ez erantzun nahi izatea, eta bestelako konplizitate batzuk. Hori beste istorio batzuekin nahasten da, denboran aurrera eta atzera egiten dutenak, eta oso pasarte ederrak ditu. Eta pelikulak bestela ere funtzionatzen du. Fikzionatua balitz ere pelikula ederra litzateke, baina hasten zarenean taldearen diskoak entzuten, haien mobida gehiago ezagutzen, are indartsuagoa da», dio Gaztelumendik.

«Belfasten sortu zen talde bat, gaelikoaren aldeko mugimenduek nolabait deitoratzen edo baztertzen zuten hip-hoparen kultura horretan, eta gerora masa fenomeno bat bilakatu dena. Gogoetarako aukera asko ematen ditu, ez soilik hizkuntzaren aferari dagokionez, baita musikaren arloan, drogen aferan, historiari edota errelatoari dagokienez ere. Kontu asko gurutzatzen dira oso interesgarriak direnak. Eta pelikula batek eragin dezakeen gauzarik ederrena hori da, hor gertatzen denari buruz hitz egin eta eztabaidatu ahal izatea», gaineratu du pasioz bizkaitarrak.

Eta euskara gazteen eguneroko bizitzara egokitzeko aukera bat ere bada hau, Gaztelumendiren arabera. «Uste dut belaunaldi berriek zinema kontsumitzeko modu berriak dituztela: sarean ikusten dena, plataformetan dagoena... Telesailekin ere gertatzen da. Eta hizkuntza ez da izango oztopo jendeak jarrera hori baldin badu. Politika kulturalek ez dute asko bultzatu zineman gure hizkuntza jaso ahal izatea, eta azpitituluak izango dira alternatiba bat horretarako».

Azkar bizi nahi duten hiru gazteren istorioa da. (FILMIN)