Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bertzeen bizitzetan sartzeaz

Bertzeen bizitzetan sartzen naizenean, ez naiz ongi sentitzen gero neure buruarekin. Asmo onarekin egiten badut ere, laguntzeko edo bidea (nik nahi dudana) erakusteko, badakit bere irizpidearen gainetik jartzen ari naizela nirea, eta bere gainetik jartzen ari naizela ni. Iritzi edo uste argi bat dudala iruditzen zaidanean, mezetakoak baino sermoi luzeagoak botatzeko gai naiz, masailak gero eta gorrituago eta bihotz taupadak azkartuago. Ondotik, adrenalina hori jaistea dezente kostatzen zait.

Justu barne-zurrunbiloa baretzeko momentu horietan sortu zait zutabe hau. Pertsonok maizegi egiten dugu bertzeek nola bizi behar duten jakiten saiatzeko akatsa, baina bakoitzak bere iparrorratza du. Batzuetan gerta daiteke hurbilenekoen eta gehien maite ditugunen norabidea eta gurea bat ez etortzea. Hori errespetatu eta onartzea da haiek maitatzea. Hori diost nire sentitze sakonak. Orduan nago lasai eta bakean. Halere, praktiketan ari naiz oraindik: hanka sartu, ohartu, eta espazioa inbaditu diodan lagunari adierazi.

Dilema baten aitzinean aurkitzea ere gertatu zait egunotan. Galderak gure barne gidarekin konektatu gabe erantzuten saiatzen garenean, zalantzaz bete gaitezke. Egoera horretan, pasatu izan zait analisi luzeetan sartzea, bertzeen begietara egin beharko nukeenaz arduratzea edo bertzeei galdetzea, eta, hori eginda, are nahasiago sentitzea. Aldiz, hots horiek guztiak isildu eta bihotzari aditzen badiogu, erantzuna garbi jakinen dugu. Hala ez bada, guregan oraindik ez direlako horretarako baldintzak betetzen izanen da. Egunotako dileman, puntu honetan nago, erantzun argirik gabe oraingoz, ez bada pausa bat egitea.

Atsedenaldi edo geldialdi horretan, aholkuak jasotzea ekidinezina izanen da. Unearen (eta gomendioaren) arabera, haserretuko naiz edo zinez eskertuko dut, baina konfiantza izanen dut, dagoeneko badakidalako nire barne gida edo sentitze sakona dela, irizpide malguz -gauza bera ertz ezberdinetatik berrikusiz, aldiro ñabardura berriekin- niretzat ona dena eta niri buruzko egia dakiena.•