Nerea SANCHO ESNAOLA

Bokadiloen tamainatik zakil marraztuetara: bikotearen eskaerak entzuteko gonbidapena

Konponenda konexioa.
Konponenda konexioa. (SENSATHLON)

Zer ari da erreklamatzen zure bikotea? Eta zergatik ez duzu asebetetzen bere eskakizuna? Ohartu naiz, agian beranduegi, bikoteko A kidearentzat MISTERIO bat dena B kideak jada ez dakiela nola adierazi era nabarmenagoan. Letrero handi bat jarri behar du etxeko sarreran B kideak?

Gehienetan eskaera nahiko xumeak dira. Afaltzera atera. Dantza egin etxeko intimitatean. Hitz goxo batzuk partekatu. Lanorduetan dei bat egin…

BAINA EZ!

Zergatik ez dio jaramonik egiten? Zergatik ez dio deitzen lanorduetan kuku bat egiteko? Niretzat ere misterioa da, aizu. Ondokoa pozik egotea baino gauza handiagorik!

Agian botere harremanez ari gara? Agian mugak jartzen dira, gotorleku moduan norbere zaurgarritasuna ez kontaktatzeko? Ez dakit ba.

Egia esango dizut. Ondokoaren eskaera zentzuzkoa bada, tarteka egizu! Horrek harremana elikatzen du. Bestearen plazeraren egile bihurtzea harremanen itsasgailu natural eta osasuntsua da. Iraunkortasunaren elikagaia. Bat-batekotasunari lekua egitea ere ongi egoten da!

Lehengoan nire semeekin Nortasun Agiria ateratzera joan nintzen, oporrak zituztela aprobetxatuz. Ze gauza, nire semeetako batek “poliziaren dendara” gindoazela komentatu zuen!!! Hori bai okurrentzia autentikoa!

Benetakotasuna galdu egiten dugu, ezkutatu... fruta berri batzuk bezala.

 

Oporren aurretik jakin nuen anana zaporedun marrubiak badirela. Ez dakit zertarako, baina. Zaporea anana. Itxura, marrubia. Kolorea, horia. Hau despistea. Probatu beharko, iritzi bat sortzeko!

Harreman asko ere despiste hutsa dira. Hasieran pertsona horrek ez digu tilin egiten. Eta gero, txora-txora eginda bukatu dezakegu, gure irudikapen guztien kontrara. Harrituta bezain pozik. Eta alderantziz. Probatu gabe, ezin dugu jakin. Ezagutzen joatea da koxka. Pixkanaka. Geruzaz geruza.

Iraupen luzeko harremanetan, esperientzien sedimentazioa ematen dela esango genuke. Zumaiako flysch-ak bezala. Bere alde ona du, elkar-ezagutzea. Konfiantza. Konexioa. Eta hori mantentzeko, ongi dago AKTUALIZATZEA. Harremana kanpotik ikustea, alegia. Zer normalizatu den ez zaiguna gustatzen. Zer sumatzen dugun faltan, zer soberan, zer aldatuko genukeen... batzuetan kantitateaz hitz egin beharko dugu, baina bereziki kalitateaz.

Gure beste seme batek, ikastolatik ateratakoan eramaten diogun bokadiloaren tamainaren arabera kalkulatzen du zenbat maite dugun :-) Gero eta handiagoa, orduan eta maitasun gehiago! A ze disparatea! Baina helduok ere batzuetan maitasun adierazpen ikusgarriak behar ditugu. Begiekin ikusi egin daitezkeenak, ziur sentitzeko, ez al da hala? Zergatik ez atsegin eman noizbehinka horretan ere? Zer ari da eskatzen zure bikotea lau haizeetara?

 

Denok ikusten ditugu kalean zehar zakilak marraztuta. Edozein txoko, kontainer, farol edo espaloitan... Gure etxeko batek ikusten duenean, pantera arrosa ikusten du. Gure lagun baten semeak galdetu zuen ea zergatik marrazten zituzten goraka, beti beheraka egoten badira... eta horrela gauzak. Nire erantzuna: boterea adierazteko. Txakurrek edozein txokotan pixa egiten dute haien lurraldea markatzeko. Gizakiok zakilak ditugu nonahi zirriborraturik ahalegin horretan. Plastikozko landare bat ureztatzeak duen efektua lortzen duela esan genezake.

Aholkuak ematea ez da oso profesionala gure lanbidean, baina eskatzen dizkigute eta ematen ditugu. Nik honakoa emango nuke gustura. Ez joan terapiara terapeuta zure narratibarekin konbentzitu nahian. Kontrara, errelato, esanahi eta egiteko modu berri freskagarriak jasotzera joan. Zure bertsioa ondo ezagutzen duzu zuk. Bikotea baldin baduzu, berak ere bai. Listo. Bikotea manifestazioak eta grebak egiten ari bazaizu, muturtuta, zure burua zalantzan jartzea tokatzen zaizu. •