Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gaurko egunez hil zen duela 30 urte Jon Salaberri, HIESaren aurpegia

Gaur 30 bete dira Jon Salaberri (Arrasate, 1961eko apirilaren 13a –1995eko maiatzaren 10a) HIESdunen aldeko ekintzailea hil zenetik. Gaixotasunak hil zuen, baina bidean borroka sutsua egin zuen Salaberrik HIESA zer den ezagutarazten.

Jon Salaberri, hainbat aurpegi ezagunekin egin zuen publizitate kanpainan.
Jon Salaberri, hainbat aurpegi ezagunekin egin zuen publizitate kanpainan. (WIKIPEDIA | WIKIMEDIA COMMONS)

Heroinaren mende ibilita HIESa garatu zuen Jon Salaberrik 90eko hamarkadan. Harrezkero, heroina utzi eta misiotzat hartu zuen bera bezalako hiesdunen alde lan egitea: «Gaixotu zenean bere baitan erabaki bat hartu zuen. Garbi zeukan hiltzeko arrisku handia zuela eta misio bat topatu zuen bidean: HIESaren berri ematea eta bera bezala gaixo zeudenei laguntzea eta haien alde borrokatzea», gogorarazi zuen Joxe Aranzabal kazetariak Gaur 8n.

Horretarako, erakunde bat sortu zuen Debagoienan (HIES Ekimena), hitzaldiak eman zituen, artikuluak idatzi, kongresuetan parte hartu, elkarrizketak eskaini hedabideetan, telebistan eta publizitate kanpainetan agertu.

Informazio eta pedagogia lan handia egin zuen Euskal Herriko gizarteak bazter ez zitzan HIESa zuten gaixoak.

1993an, publizitate kanpaina batean, aurpegirik inportanteena izan zen Euskal Herriko jende ezagunaren ondoan, tartean Eduardo Chillida eskultorea. Urte hartan Luc Montagnier ikertzaile frantsesarekin batera, mahaiburu izan zen HIESaren inguruan Bilbon egin zen II. kongresuan.

Toxoplasmosi baten ondorioz, azken urtea gurpildun-aulki batean egin zuen. Hala ere, familiak eta borroka kideek lagunduta parte hartu zuen hainbat kongresu eta kale agerralditan.

Hil ondoren, Batzen plataformak hilondoko saria eman zion, tolerantziaren alde egindako lanagatik. Hogei urte geroago, 2015eko ekainaren 27an, Julen Iriondo kazetari oñatiarrak Rikardo Arregi sari nagusia irabazi zuen ‘Jon Salaberri’ izeneko dokumentalarengatik. 15 urte zituen Julen Iriondo kazetariak Jon Salaberri hil zenean, dokumental hau egiteak ordea hurbildu egin du bere izanera. Hala azaldu zion NAIZ irratiari.