GAUR8

Neandertalak Euskal Herrian eta hartzak Durangaldean, hizpide Durangon bihar

Bizkaian neandertalen inguruan egindako azken aurkikuntzak azalduko ditu Asier Gomez Olivencia paleontologoak bihar, hilaren 15ean Durangoko Kurutzesantu Museoan. Gomezen ondoan, Monika Villalba de Alvarado ikertzaileak hartzek Durangaldean utzitako aztarnez hitz egingo du.

Karrantzan aurkitutako buru-hezurra, Bizkaiko zaharrena Gomezen ikerketek ondorioztatutakoaren arabera.
Karrantzan aurkitutako buru-hezurra, Bizkaiko zaharrena Gomezen ikerketek ondorioztatutakoaren arabera. (Hontza Museoa)

Hontza Museoaren 10. urteurrenaren ospakizunen barruan, Asier Gomez Olivencia Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) paleontologoa eta gaian aditua den Monika Villalba de Alvarado Madrilgo Unibertsitate Complutenseko paleontologoa bilduko dituen hitzaldia antolatu dute Durangon. Kurutzesantu Museoan izango da, 19.00etan, ‘Neandertalak Euskal Herrian, azkenengo aurkikuntzak Bizkaian’ goiburuarekin.

Gomezek Bizkaian neandertalen inguruan egin diren azken aurkikuntzei buruz berba egingo du euskaraz emango duen hitzaldian. Gaiaren inguruan azaldu dutenez, «aztarnategi eta teknika berriek, duela 430.000 urte agertu eta orain dela 40.000 urte desagertu zen giza-leinu ospetsuenaren inguruko informazio berri baliotsua eskaini dute».

Azaldu dutenez, «1967an Dimako Axlor aztarnategian aurkitutako hiru giza fosilen azterketak datu interesgarriak azaleratu ditu» eta «Karrantzako Polvorin kobazuloan egindako indusketa berriek giza fosil garrantzitsuen identifikazioa ere ahalbidetu du. Gainera, Euskal Herrian gaur egunera arte aurkitu den neandertalen fosilen kopururik altuena dago».

Asier Gomez barakaldarra giza eboluzioan espezializatutako doktore eta paleontologoak Atapuercako Ikerketa taldean egin zuen tesia. «Bertako indusketak egiteaz aparte, Euskal Herriko hainbat aztarnategitako lanak zuzentzen ditu eta horien artean Karrantzako Polvorineko lehenengo Osinekoa. Hantxe aurkitu diren ezaugarri arkaikoak dituen neandertal baten fosilak», azaldu dute antolatzaileek.

‘Durangaldea, tierra de osos. Evolución, especies y extinción de los osos en Euskal Herria’ hitzaldia eskainiko du egun berean Meridako Monica Villalba de Alvarado historiagile eta paleontologoak. Aurreratu dutenez, «fosilek azken 50 mila urteetako haitzuloetako hartzak nolakoak ziren zehatz-mehatz ezagutzeko aukera ematen dute». Gai hori izango du hizpide egun EHUn lan egiten duen adituak. Villalba de Alvarado Askondoko (Mañaria) haitzuloko hartzen garezur-hondarrak aztertzen ari da.

Hontza Museoak, Bizkaiko Natur Zientzien museo ofizial bakarra denak, antolatzen du hitzaldia Gerediaga Elkartearen laguntzarekin. Asteburu honetan ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunari lotuta dago hitzaldia. Izan ere, Mañarian kokatuta dagoen museoan doakoa izango da sarrera larunbat eta igandean.