Itsas-eskolei buruzko erreportajea, aste honetako aurrerapenean

Asko hitz egiten da arrantzan nabari den errelebo faltaz, baina jaramon gutxi egiten zaie gure kostaldeko itsas-eskolei. GAUR8 Pasaian eta Ondarroan izan da, bertako eskoletan egiten duten lana ezagutzeko.

Erreleboa falta dela, itsasora joan nahi duen gazterik ez dagoela, arrantza galzorian dela... Askotan entzun ditugu antzeko mezuak Euskal Herriko portuetan. Kezka horren jabe, Pasaiako Blas de Lezo eta Ondarroako Antiguako Ama itsas-eskoletara gerturatu gara, egiten duten lana eta bertako ikasleen errealitatea ezagutzeko, NAIZ Irratiko Zebrabidea saioan aurreratu dugun moduan.

Lanbide Heziketara bideratutako eskolak dira, Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloak eskaintzen dituztenak. Bi adar nagusitan banatzen da eskaintza: arrantza eta nabigaziora bideratutako zikloak, eta makinen mantenimendura bideratutakoak. Horrez gain, Pasaian Urpekaritza zikloa eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ere eskaintzen dituzte, eta Ondarroan ere aukera horiek laster gehitzekotan dira. Gainera, itsasoan lan egiteko beharrezkoak diren beste hainbat ikastaro ere antolatzen dituzte bi zentroek.

Aipatu digutenez, egia da itsasoko lana gogorra dela, batez ere etxetik kanpo denbora asko egon behar izaten delako, baina era berean, baditu bere erakargarritasunak: ohiko lanbideekin alderatuta desberdina da, leku eta esperientzia berriak bizitzeko aukera eskaintzen duelako. Gainera, ikasketa horiek eginda, lehorrean lana aurkitzeko aukerak ere izaten dituzte ikasleek.

Xehetasun guztiak, noski, larunbatean argitaratuko den erreportajean.