«Bizitzeko gogoa» piztu nahian, ‘Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin’ liburua argitaratu du Jule Goikoetxea filosofoak (Donostia, 1981). Saiakeraren eta kronikaren artean, liburua “poli-” da gaietan ere: arrazakeria, indarkeria, Palestina, klase borrokak, ekologismoa, buladak, Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen arteko alderaketak... denetik dago, totum revolutumean. Eta bastarta da formetan ere: «ostia», «kar-kar-kar», kaladak... aitzinako filosofoen oturuntza famatuek frogatu zuten bezala, ideiak ez baitira gogoeta bakarti eta aratzetan sortzen.
Liburuko gako nagusiak xehatzeko asmoz, berarekin elkartu eta ideia horietan sakondu dugu. Hainbat gai landu ditugu: Angela Davis eta bere ekarpena, monoteismoen ajeak, boterea, gizon eta emakumeen eraikuntza... Poztasuna, diziplina eta borroka aldarrikatuz, mezu itxaropentsua zabaldu du: «Ezetz badirudi ere, nik badakit borroka irabazten ari garela. Zer zentzutan? Noski ari garela pobretzen, eta noski urte super zailak eta biolentzia zuzena datozela. Baina sozialki markoa aldatzen ari gara. Ari gara, eta nik hori nabari dut. Kontua da oso geldo doala. Baina badoa, badoa, badoa. Eta nabaritzen da. Bestela faxista guztiak ez lirateke hiper-mosketuta egongo!».
Goikoetxearen elkarrizketaz gain, beste hainbat gai ere jorratu ditugu aste honetako alean: Afrikako ekintzaileen inguruko jardunaldiak, eklipseak, Euskal Herrian neandertalek izandako presentzia... eta nola ez, errealitatea ertz ezberdinetatik aztertzen duten begirada zorrotz eta iradokitzaileak.