
Bermeoko Udaleko Gazteen Emantzipazio Zerbitzuko (GAZ) profesionalek emango dute ekainaren 2rako etxebizitzaren inguruan antolatutako informazio-saioa. Gazteei zuzenduta, saio irekia eta doakoa da, eta etxebizitza eskuratzeko dauden aukerak aztertzea du helburu.
«Emantzipazioa gazteentzako urrats garrantzitsu bat da, baina gaur egungo egoera ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, ez da beti bide erraza izaten», azaldu du Udalak ohar batean. Errealitate horren aurrean, udal Gazteria Sailak Bermeoko GAZen laguntzarekin, saio hau antolatzea erabaki du, emantzipazio-prozesuan lagungarri izan daitekeen informazioa errazteko.
Udal iturriek aurreratu dutenez, emantzipazio-prozesuan lagungarri izan daitezkeen programen eta dirulaguntzen berri emango dute saioan, eta «Emantzipa eta Gaztelagun programei buruz ere ariko dira, azken hilabeteotan izan diren baldintza-aldaketa berriak kontuan hartuta».
«Mota horretako dirulaguntzek gazteei etxebizitza duin bat eskuratzeko eta ekonomikoki egonkortzeko bidea eskaintzen dizkiete; horregatik, emantzipazioa helburu duten gazteentzat oso garrantzitsua da informazio eguneratua izatea», adierazi dute udal arduradunek.
Hitzaldian, egoera pertsonalen inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute gazteek. Udalak parte hartzera deitu ditu gazteak, «informazioa jasotzeko aukera paregabea» dela azpimarratuz.
Berbaldian parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Bide ezberdinak daude horretarako, besteak beste, aurrez aurre GIZen, Gizarte eta Kultura Etxeko 1. solairuan; posta elektronikoaren bidez, giz@bermeo.eus helbidera idatziz, edota telefonoz, 94 617 91 58 zenbakira deituta.