GAUR8

Meeting Basauriko Probak, atletismo egokitua Artunduagara itzuliko da igandean

Igandean XXVII Meeting Basauriko Probak jokatuko dira Artunduagako kiroldegian, herriak atletismo paralinpiarren alde egiten duen apustua berretsiz. Herriko merkatari elkarteak antolatuta, inklusioaren aldeko balioekin duten lotura azpimarratu dute babesleek.

Igandeko proben kartela.
Igandeko proben kartela. (Basauriko Merkatari Elkartea)

Igandean jokatuko dira Basaurin XXVII Meeting Basauriko Probak. Nazioarteko Atletismo Paralinpikoaren egutegi ofizialaren barruan dago hitzordua. Hortaz, emaitzak baliozkoak izango dira errekorrentzako eta nazioarteko raking-arentzako.

Basauriko merkatarien elkarteak antolatzen du hitzordua, Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Goizeko 9.00etan abiatuko dira probak Artunduagako Kiroldegian.

Mundu osoko 50 klub eta 20 herrialde baino gehiagoren parte hartzea duten probak antolatzeko egindako ahalegina nabarmendu du merkatari elkarteak, eta babesle pribatu eta boluntarioen eskuzabaltasuna eskertu du.

Kirolariak eta kirol paralinpikoaren aldeko apustua egin dutenak ere omenduko dituzte aurten. Izan ere, Celia Maestre, Alberto Batista, Mariasun Miranda, Angel Marin eta Marokoko Atletismo Paralinpikoko selekzioa daude omenduen artean. Horrez gain, Joseba Larrinagaren omenezko trofeoa izango da probetan.

Antolatzaileek, halaber, Javi Conde Klub Paralinpikoaren parte hartzea nabarmendu dute, «ekitaldian laguntzen, lehiatzen, txalotzen eta batez ere gozatzen» aritu dena.

Klubeko 50 atleta baino gehiago izango dira probetan, «korrika egin, esprintatu, salto egin eta jaurti egingo dute, baina batez ere festa handi bat» ospatzen. Probek denboraldirako duten garrantzia azpimarratu dute, kirolariak «hurrengo nazio eta nazioarteko konpromisoetara prestatzen» baititu.

«Meeting-ak gure klubak inklusio errealaren aldeko balioak partekatzen ditu, gure lana eta gaitasunak ikusarazten laguntzen digu», adierazi dute.