Juantxo EGAÑA

Donibane Garaziko argazkirik zaharrena

(FARHAM MAXWELL LYTE. BIBLIOTHEQUE PATRIMONIALE DE PAU.)

Segur aski, hau da ezagutzen den Donibane Garaziko argazkirik zaharrena. Irudia 1858an hartu zen, argazkilaritza asmatu eta 19 urte eskasera, eta egilea Farham Maxwell Lyte (1828-1906) argazkilari eta kimikari britainiarra izan zen, 1856tik Bagneres de Bigorren bizi zena. Lyte aitzindaria izan zen argazki-prozesu berrien ikerketan. “The British Journal of Photography”, “Le Moniteur de la Photographie” eta “La Lumiere” aldizkari espezializatuetan argitaratu zituen bere ikerketak 1861 eta 1862 artean. Bere obra gutxi kontserbatu den arren, Donostia, Pasaia eta Donibane Lohizuneko argazkiak ezagutzen dira, 1858an bertan ateratakoak guztiak. Irudi horiek Estatu Batuetako, Kanadako eta Frantziako artxiboetan daude gaur egun. Urte horretan bertan, bere argazkietako batzuk “Vues, costumes et monuments des Pyrenees, copies de grands maitres” izeneko katalogoan sartu ziren; 108 irudi biltzen zituen katalogoak. Lyte negatiboen gainjartze teknikarekin esperimentatu zuen lehen argazkilarietako bat ere izan zen, zeruak eta paisaiak konbinatuz konposizio adierazkorragoak lortzeko. XIX. mendeko 50eko hamarkadaren erdialdetik 60ko hamarkadaren hasierara bitartean, Lyteren argazkiak Societe Française de Photographie-k antolatutako erakusketetarako aukeratu ziren. Elkarte horretako kide fundatzailea izan zen eta bere lanek Parisen, Londresen eta Glasgown egindako erakusketetan ere parte hartu zuten, besteak beste.