Suizidioa adineko pertsonetan: gutxietsitako errealitatea

COVID-19aren pandemiaz geroztik, osasun mentalaren auzia eztabaida publikoaren eta politikoaren ardatz nagusietako bat bihurtu da. Horrekin batera, luzaroan isilarazia izan den beste errealitate bat ere mahai gainean jarri da: suizidioa. Azkeneko datuen arabera, 2023an 4.116 suizidio erregistratu ziren estatu osoan; horietatik 141 Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 65 Nafarroako Foru Erkidegoan. Azken urteotan, gazteengan jarri da arreta; izan ere, suizidioa lehenengo heriotza-kausa bilakatu da 15 eta 29 urte arteko gazteen artean, trafiko-istripuen eta minbizien gainetik. Haatik, suizidio-tasarik altuenak dituen adin-taldea adineko pertsonena da; batez ere, 80 urtetik gorako pertsonena. Kontrara, adin-talde horretan gertatzen diren suizidioak sarri isilean eramaten dira eta ez dute arreta sozial edo mediatiko gehiegi jasotzen, halako moduan, non arriskua baitago errealitate hori ikusezin bihurtzeko.
Suizidioaren atarian sufrimendu handia egoten da, eta sufrimenduaren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeenez, suizidio burutuaren arrisku-faktoreak ere askotarikoak dira. Adinekoen kasuan, honako faktoreekin lotu izan da batez ere: gaixotasun mediko larriak pairatzea, independentzia funtzionala galtzea, norbera karga bat dela sentitzea, depresioa izatea, hurbileko pertsonak hiltzea, bakarrik sentitzea eta babes sozial urria izatea. Hala eta guztiz ere, suizidio burutuaren arrisku-faktore nagusia suizidio-ideazioa da; hau da, nork bere burua hiltzeari buruzko pentsamenduak izatea. Horrelako pentsamenduak izateak ez du ezinbestean esan nahi pertsona batek bere buruaz beste egingo duenik, baina bai sufrimendu psikologiko nabarmena duela, arreta profesionala eskatzen duena.
Euskal Herriko Unibertsitateko QUALIKER ikerketa-taldeko kideok berriki egindako ikerketa batean, zeinean Hego Euskal Herriko 378 adinekok parte hartu zuten, % 13k adierazi zuen ez zuela bizitzen jarraitu nahi, eta %3k bere buruaz beste egiteko pentsamenduak zituela.
Aipatutako datuak kezkagarriak dira, eta agerian jartzen dute suizidio-ideazioa errealitate ukaezina dela adineko pertsonetan ere. Funtsezkoa da ideia horiek dituzten adinekoak modu goiztiarrean detektatzea eta beharrezko laguntza eskaintzea. Zoritxarrez, detekzio hori maiz zahartzaroari buruzko aurreiritziek eta estereotipoek eragozten dute, baita osasungintzan ere. Adibidez, oso hedatuta dago adineko pertsonetan tristura eta, are, hiltzeko gogoa “normalak” edota “ulergarriak” izan daitezkeelako sinesmena; batez ere, oso helduak direnean. Baina horrelako egoerak eta pentsamenduak ez dira zahartze-prozesuan berezkoak; kontrara, sufrimenduaren adierazle argiak dira. Hala, adinkeriak ondorio larriak ekarri ditzake; izan ere, adinekoen sufrimendu emozionala normaltzat hartzeak arreta profesionala garaiz eskaintzeko probabilitatea txikitzen du.
Osasun publikoko arazo baten aurrean gaude, eta premiazkoa da suizidioaren bueltan dagoen isiltasuna haustea eta hari heltzeko estrategiak abian jartzea. Prebentzioa posible da, baita adinekoen artean ere. Horretarako, politika publikoak osasun mentaleko zerbitzuak indartzera bideratu beharko lirateke; eta osasun-profesionalak trebatu beharko genituzke arriskuan dauden pertsonak garaiz identifikatzeko eta modu egokian artatzeko. Eta hori lortze aldera, adinekoekiko aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzeko lanketak ere txertatu beharko lirateke osasun-zientzien ikasketa-planetan. Dena den, herritar bezala ere asko egin dezakegu; besteak beste, “ez dut ezertarako balio” eta “hilda hobeto nengoke” bezalako alarma-seinaleei erreparatzen eta erantzuten hasi gaitezke, eta besteei beren sufrimenduaren inguruan hitz egiteko aukera ematen (betiere, epairik egin gabe).
Norbaitek suizidio-pentsamenduak dituela sumatzen badugu, ezin dugu beste alde batera begiratu; laguntza jasotzen duela ziurtatu behar dugu. Guztioi dagokigu osasun-larrialdi honi aurre egitea. Zaintza komunitarioak bizitzak salba ditzake. Hori izan dadila gure iparrorratz. •