Trantsizioko metala
Aurkikuntzek mikrofono eta foku asko erakartzen dituzte, zerbait mugitzen digute barruan, ezinegona, ilusioa eta heldulekua ere izan daitezke aldi berean. Horren inguruan badaki zerbait Aranzadik, baita Sorioneku eskua tatuatuta dutenek ere.
Aste honen hasieran hurbildu zaizkio berriro argazkilarien flashak Aranzadiko lantaldeari, eta egiari zor, niri ere argazkia geratu zitzaidan iltzatuta. Tela beltz baten gainean bi eraztun ageri dira, urrezko bi eraztun -ez baita gauza bera-; eta urrea dagoen tokira erraz joaten da begia. Harri urdinkera bana dute eta bakoitzak grabatu bat, estilo berekoa, baina irudi eta esanahi ezberdinekoa. Batak aberastasunaren jainkosa du grabatuta, eta besteak gerlari bat.
Lehen eraztuna, aberastasunaren jainkosaren ikurra duena, 2018an aurkitu zuten Auritzen (Nafarroa Garaia), eta bigarrena da asteon aurkitutakoa; Donazaharren (Nafarroa Beherea) topatu dute. Egindako ikerketen arabera, Kristo Aurretik lehenengo mende ingurukoak dira, inoiz garai hori existitu balitz -Covid aurretik eta Covid ondoren mugarriak gehiago markatzen baititu zenbait belaunaldi-.
Euskal Herri osoan antzinako urrezko bost eraztun besterik ez dituzte topatu gaur arte, eta Ipar Euskal Herrian egindako lehen aurkikuntza da. Oraindik zutik dirauten jauregietan egongo da urrea oraindik, eta egongo dira eraztunak, baina horien aberastasunean fokua jartzea gehiago kostako zaigula uste dut.
Bi eraztun oso antzeko topatzearen kausalitateak zirrara sortzen du, are gehiago urte ezberdinetan eta herri ezberdinetan agertzen badira. Gehiago jakin asmoz zabaldu nuen Google Maps mugikorrean. Pantailari bi hatzekin atximur egin eta pixka bat urrundu nuen mapa, berdeguneak dira nagusi eta marra urdinak lotzen ditu mapan hautatutako bi puntuak. Beste marra bat ere ageri da, hau beltza da eta urdinarekin perpendikularra, iparraldearen eta hegoaldearen arteko muga iradoki edota inposatzen du. Halere, gezi urdinari jarraika egindako lerro urdina garaile, Auritz - Donezaharre: 33,9 kilometro, 48 minutu.
50 minutu eskas markatzen ditu, autoz eginez gero. Jasangarritasunaren ikuspegitik garraio publikoaren aldeko apustua egiten duenak 20 ordu eta 39 minutu beharko lituzke, kalkuluaren arabera. Eta oinez egin nahi izanez gero, 8 ordu eta 14 minuturekin aski lirateke. Auritz eta Donezaharre, beraz, gertu daude? Edo urrun?
Aranzadik prentsaurrekoan adierazi zuen bi eraztun berdin horiek bi leku ezberdinetan aurkitzea herri horien arteko «lotura estuaren erakusgarri» zela. Izan ere, duela hamar urte hasi ziren Pirinioen ingurua aztarrika, euskal lurraldea bertebratzen zuen erromatar galtzada ikertzen hasi zirenean. Eta galtzada horri jarraika ondorioztatu zuten «objektuak, kultura eta ideiak» elkartzen dituztela bideek.
Bideak urratu egin behar direla ikasi genuen nerabezaroaren errebeldian, eta beste hainbatek gure bideak lurperatu dituztela. Urruntasuna eta gertutasuna ere bideen baitan eraiki ohi ditugu, ez da gauza bera gure imajinarioan 40 kilometro Bilborantz jo edo Atharratzerantz. Goizero irratian aipatzen diren A-15ak, N-21ak edota AP-1ak ez dute behar bezala gure herria bertebratzen. Nork erabakitzen du nola eraikitzen diren harreman bideak?
Urrea, kimikoki trantsizioko metala omen da, eta gu beti trantsizioko bideetan herren gabiltza. •