Urrun dagoena
Goizeko seietan iratzargailuarekin esnatu, lanera bederatzietan sartzeko. Gosaltzeko esertzera zindoazen momentu zehatz eta konkretu berean, walkie-tik «amaaaa!» entzun. Haurra ohetik hartu eta titian jarri, zuk esku bakarrarekin gosaltzen duzun bitartean. Lo hartu duela probestuz, berriro ohera eraman, eta poztu, denbora izango duzulako gosariak, hamaiketakoak, arropak eta bazkaria prestatzeko. Logelatik itzuli eta, janzten hastea pentsatu duzun une horretantxe, walkie-aren deiadarra entzun: «a-ma…-txooo!».
Leihoa poliki zabaldu, eta haurra besoetan goxatu, laztandu. Muxu eman, kontu batzuk esan, elkarrekin ispiluari begiratu eta haren irribarreaz kutsatu. «Une hauek ez ditut sekula ahaztu nahi». Zaharrena esnatzera abiatu, oraindik lo-orduak falta zaizkiola jakinda.
Komuneko argia piztu, izpiren bat gelara sartu dadin. Bizkarra laztandu, gero besoa, gero masaila behatz-puntekin. Anaiak body-a bustita duela-eta, bera aldatzera joango garela xuxurlatu: «Gero poliki-poliki begitxoak zabalduko ditugu».
Txikia jantzi eta ura irakiten jarri, bazkaltzeko zerbait azkarra prestatzeko. Erlojuak eta egoerak itota sentitu. Beso batean haurra eta bestean haur-eskolako koadernoa: «Gaua ona, esnatu 06.35ean». Makarroiak tuperrera. Mukiak harraskara. Zu berriro logelara, zaharrena esnatzera.
Lasai eserita gosaltzeko astirik ez duela izango jakinarazi, eta amorrazio-oldeari eutsi. «Kontrola dezakedan bakarra nire jarrera da». Goizeko zortziak eta bostean, arnasa sakon hartu. Bien protestak sinfonia nola bilakatu diren entzun. Eusten saiatu. Bi haurrak besarkada bakarrean bildu. Galtzerdiekin lagundu. Hortzak garbitzea biharko utzi.
Zortziak eta hogeita bi minutuan, bi haurrak autoan lotu; motorra piztu, iritsi eta aparkatu. Haur-kotxea maletategitik atera. Bat utzi, «oso ondo pasa, maite zaitut»; bestea utzi, besarkada handi batekin. Autora itzuli eta motorra piztu. «Gaur ere lortu dun, aupa hi». Garaiz, puntual, tik berde guztiak hala-moduz beteta iritsi lanera; nekatuta, ezertan hasterako. Uf.
Goizeko bederatziak eta hiru minutuan, errutina kapitalistaren estres laino horretatik jaisten aritzeagatik zortedun sentitu, badugulako etxe bat, zutik dagoena. Badudalako bazkari bat, berotu litekeena. Baditudalako bi haur zoragarri, inork bizirik erre ez dituenak, bonbaz edo armaz. Badugulako genozidio bat, urrun dagoena. •