
Indalecio Ojangurenek 1927an ateratako argazki honetan, Mariano Juaristi Mendizabal (Azkoitia, 1904-2001) agertzen da, Atano III.a izenez ezagunagoa, buruz buruko txapeldun izan zena eta historiako pilotaririk onenetakotzat hartzen dena. Pilotari dinastia nabarmen bateko kidea da, eta ezizena Azkoitiko Atano baserritik datorkio. Kirol aditu eta kritikarien arabera, bere estiloak esku pilota irauli zuen: arina zen, azkarra, eta sake hilgarri bat zuen, aurrekoen joko pausatuagoarekin kontrastean. Garai hartan, buruz buruko txapeldunaren titulua tradizio bati jarraituz jokatzen zen: hautagaiak txapelduna garaitu behar zuen partida desberdin batean, non honek eskuineko eskua bakarrik erabil zezakeen. Horrela, 1926an, Atano III.ak Juan Bautista Azkarate Egaña (Mondragones) garaitu zuen baldintza horietan eta titulua lehiatzeko eskubidea irabazi zuen. Finala hiru partidatara jokatu zen -Donostian, Eibarren eta Bilbon-, eta guztiak Atano III.ak irabazi zituen. 1927ko urtarrilaren 3ko prentsak, Atano III.ak Bilboko Euskalduna frontoian lortutako garaipenari buruz hitz egiten zuen. Urte bereko abuztuan, Bilboko "El Liberal" egunkariari egindako adierazpenetan, Leon Dongaitz pilotari urruñarrak hauxe esan zuen Atano III.ari buruz: «Mutil hau hain da handia, hain zoragarria, ezen pilotaren historiak oraindik ez baitu ezagutu antzeko izarrik. Gure kirol maitera datorren ikuskera berria da».