GAUR8

Zaldi Eguna, sektoreari eskainitako lehen azoka egingo dute larunbatean Artzentalesen

Zaldien inguruko munduari eskaintzen zaion lehen azoka egingo dute Artzentalesen larunbatean. Ohiko salmentarako stand eta animalien erakusketak izango ditu hitzorduak, baita hezieraren inguruko erakustaldi sorta bat ere. Zaldi Eguna ospatzen dute eta arratsaldera arteko egitaraua prestatu dute.

Zaldialdia azokaren azken edizioa, irudian.
Zaldialdia azokaren azken edizioa, irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Artzentalesen egingo da larunbat honetan, ekainak 14, Zaldi Eguna, zaldiaren sektoreari dedikatutako lehen azoka. Pottoka eta astoak izango dira ikusgai, baita herriko produktuen eta eskulanen salmenta ere, eta zaldien erakustaldiak pistan. Dastatze komentatuak eta txosnak ere izango direla iragarri dute.

Enkarterrialdek jakinarazi duenez, Traslaviña auzoan izango da azoka. Lehenengo edizio hau Artzentalesko Udalak antolatu du, Enkarturrekin batera eta Enkarterriko Mendian Zaldiz zaldi-taldearen eta Euskal Reining Taldearen laguntzarekin.

Goizeko hamaiketan abiatuko da hitzordua, Enkarterriko zaldi, pottoka eta astoen erakusketa eta erakustaldiekin. Eguerdian, ferratze erakustaldia izango da Guillermo Negueruelaren eskutik eta pottoken erakustaldi bat maneiuko pistan.

Arratsaldean, 16.30ean, ‘reining’ ekitazio diziplinaren erakustaldi bat egingo dute, baita ‘western’ hezierarena ere, eta 17.30ean, ‘barrel’ erakustaldia izango da. 19.00etarako aurreikusita azokaren amaiera, sari banaketa egin ondoren.

Euren zaldiekin jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera eman zaie inguruko herritarrei, eta gehienez 50 euroko dieta emango dute abelburu bakoitzeko. Zehaztu dutenez, ustiapen-kodea eta titularraren datuak eskatu zaizkie parte hartzaileei, baita osasun agiriak edota federatua izatea, erakusketan parte hartu ahal izateko.