111 Akademia
Orain bi aste jaso zuen Miren Amurizak 111 Akademiak ematen duen saria, seguru asko urteko ezustekorik handiena izan den bere “Pleibak” nobelarengatik. Zorionekoa da berria eta ez zuen komentario gehigarririk mereziko, saria ematen duen elkarteak jarraipena zalantzan duela iragarri ez balu.
Literatura sistema batek sorkuntzarako beka eta laguntza sare bat behar du, alde batetik, eta argitaratutako lanen ikusgarritasuna segurtatuko duena, bestetik. Gureak lehena osatua du, eztabaidagarria eta kaotiko samarra bada ere. Hor dago, narratibaren sailean, Jaurlaritzaren eta BBKren artean ematen hasi diren Xabier Lete beka, hor dago Kutxaren Irun Hiria, Ondarroako Agustin Zubikarai edo Beasaingo Igartza beka, edo hor dago Getxoko Udalaren laguntzarekin ematen duten Ramiro Pinilla saria. Azken sari honek arau salagarri bat ere badu; izan ere, parte hartu ahal izateko, idazleak “egoitza Espainian” behar duela dio oinarrietan, Ipar Euskal Herriko idazleei sarrera galaraziz. Falta zaiguna argitaratutako lanei ikusgarritasuna emango dieten sariak izatea da.
Parisen, esate baterako, ikusgarritasun hori bermatzen duten sarien dantza etengabea izan ohi da. Hasten dira apirilean ematen duten Fregonard sariarekin, jarraitzen dute maiatzean Liburu Saltzaileen sariarekin, tartean sartzen dute Liburu Laburrarena edo Nouvel Observateurek ematen duena, batzuk bakarrik aipatzearren, eta uda ondoren etorri ohi dira handienak, Renaudot, Femina edo Goncourt bera. Eta ia guztiek antzeko eskema baliatzen dute: aditu talde batek hamar bat izenburu hautatzen ditu eta ondoren kanporaketa bidez erabakitzen da irabazlea.
Gurean ez dago halakorik, ezta hurrik eman ere, lan argitaratuak saritzen dituzten sariak bakanak baitira, nagusienak Euskadi sariak eta 111 Akademiarena.
Euskadi sariek ere jarrai zezaketen Parisko sarien eskema, has zitezkeen hautaketa batekin eta, euskaldunok hain apustu zaleak izaki, egin zezaketen kanporaketatxo bat ondoren, bertsolariekin egiten dugun moduan edo beste hainbat arlotako txapelketekin egiten den bezala. Baina sariaren opakutasuna hain da handia, non finalistak zein diren ere ez garen enteratzen.
111 Akademiarena da salbuespen bakarra, kanporaketa bidez egiten delako eta, gainera, ezaugarri oso nabarmen bat duelako: irakurleak dira bai lehen filtroa, eta baita kanporaketak egiten dituztenak ere. Eta azken ezaugarri bat: lan hori guztia doan egiten dute. Teknikari baten soldata bakarrik behar dute funtzionatzeko, eta, hain zuzen ere, soldata urri hori da falta zaiena. Tamalgarria litzateke, beraz, irakurzaletasuna hain modu agerian bultzatzen duen eta hain presupostu urria duen sariketa bat galtzen utziko bagenu. •