Festa!

Bukatzear da ikasturtea eta hasi dira jaialdiak, ikas-jaiak, eskolako festak eta abar. Kartulinaz, eskulanez eta koloretako letrez osatutako hitz erraldoiek estaltzen dituzte eskolako pasabide eta hormak. Irailean txikiagoak ziren haurrek, haurrago ziren nerabeek eta nerabeago ziren gazteek, denek ikasi dutena islatzen da bertan. Ez dena, noski. Irakaspenik garrantzitsuenak, baliorik esanguratsuenak, curriculumetik kanpo baitaude. Heztea ederra da, haztea bezainbeste, baina ahaztea ez da bidezkoa. Eta ezin dugu ahaztu bokazioa duten hezitzaile, irakasle, maistra, maisu, laguntzaile eta abarrek egindako lan itzela. Guztien artean, balio horiek guztiak helarazten dituzte, horiek ezin baitira eredu izan gabe ikasarazi. Sistemarekin amorratuta sarri, nekatuta askotan, gogotsu beti eta behar denean, borrokan, sinesten duten horren alde aritzen dira.
KOMUNIKAZIOA. Eskolako sarreran idatzita dago, plastifikatutako letra handiez osatua. Komunikatu; arazoak ekidin, salatu edo konpontzeko. Komunikatu; hitzez, piktogramaz edo zeinuz. Komunikazioak bere barnean hartzen baititu adierazpena eta ulermena, baina adi, “ulermen” eta “onarpen” ez direlako berdin. Zalantzan jarri, galdetu, ikertu, eta bidezkoa ez bada, borrokatu. Borroka ez baitira ukabilkadak eta ostikoak, borroka dira ezezko borobilak, pankartak eta bihurrikeriak, minik eman ez baina barrua mugitzen dutenak. Komunikazioa eskubidea da; hortaz, ezin da bozkatu. Eskolan, gelan, etxean, kalean, auzoan eta herrian, denon iritzia behar da, ahotsak, piktogramak eta zeinuak. Adierazteko tartea izatea edota tarte hori sortzea, aldarrikatzea, ezinbestekoa da. Komunikatu nahi ditugu gure emozio eta sentipenak, gure interesguneak, gure zalantzak eta gure ametsak. Erabaki dezagun orain: altxa dezala eskua elkar entzuteko denbora gehiago nahi duenak!
ANIZTASUNA. Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara doan pasabidean aurki dezakegu, ostadarraren koloreak eta beste hainbat elkartzen dira letren barruetan. Besteak beste, beltza; norbaitek noizbait kolore alaia ez zela esanda ere, hortxe dago. Beltza iluntasuna da, gau magikoa, eta bertan egiten dute diz-diz izarrek, ilargiak eta gure begiradek. Iluna piztu eta erreparatu munduari, ez dugu, koloreekin bezala, bazterkeriarik onartuko duen borobilik nahi. Iritzia ematea eskubidea da, baina beste norbaiten aurkakoa bada, ez da iritzia, gorrotoa baizik. Arrazakeria, kapazitismoa, xenofobia, ez dira ez iritziak, ez jarrerak. Lekuz kanpo daude eta horien aurka borrokatuko gara. Norbera den bezalakoa izatea eskubidea da, gure azal kolore, diagnostiko, izaera, jatorri, ezin eta dohain. Munduan gorroto mezu adina elkartasun dago, kontua da gorrotoa askoz zaratatsuagoa dela eta aldizkari portadak eta telebistako kateak betetzen dituela. Bihotzarekin sentitu, buruarekin pentsatu eta eskuekin ekingo duten herritarrak heztean, aniztasuna defendatzea mugarria da. Erabaki dezagun orain: altxa dezala eskua elkartasunean sinesten duenak!
OSPAKIZUNA. Ezinbestean, ikasturtea amaitu eta ikasitakoa partekatzea dagokigunean, gure eredu direnen urratsak jarraituz egiten dugu. Hortaz, igo daitezela oholtzara hezkuntzako eragile bokaziodunak, guraso eta familia konprometituak, elkarte eskuzabalak eta kultur sortzaile ameslariak. Hezkuntza inklusiborako bidean, berebiziko garrantzia duelako zuen ekarpenak, zuen eredu eta motibazioak. Igo daitezela enpatiaz komunikatu, aniztasuna defendatu eta elkartasunaren alde militatzen duten haur, nerabe eta gazteak ere. Askotan entzun behar baitugu lotsagabeak direla, garai batekoekin alderatuta okerragoak, nonbait. Eta denak oholtzan daudela, egin dezagun irri, kantu eta dantza elkarrekin, ospa dezagun hezkuntza eta aldarrika dezagun baliabideen beharra, eraldaketa eta euskal curriculuma: denona eta denontzat. •