Ikasturte amaierako festak

San Joan suak pizterako itzaltzen dira ikasgeletako argiak gurean. Batzuek jarraituko dute sanjoanetatik aurrera ere lanera joaten, baina ikasgela gehienetako lanak hortxe bukatzen dira, urteko egunik luzeenaren atarian.

Bukaera horren aurretik, ikasgeletan, ekaina bete ohi da azterketaz, talde-lanez, pelikulaz, errekuperazioz, GRAL-ez, izerdi usainez, txangoz, batezbestekoz, presioz, tutoretza-orduz. Eta horien artean, haien lekua izaten dute ikasturte amaierako festek: guk, gurasoen eta lagunen aurrean buruz ikasitako esketxak eta bertsoak aurkezten genituen lehen; Salouko diskoteka ilunenetan elkarren izerdiari pegatuta dantza egiten genuen gero. Ilusioa egiten duten gauzak; adinaren arabera diferenteak. Unibertsitateko ikasketak amaitu genituenetik, ez dugu ikasturterik festan amaitu. Edo bai, baina ez izendapen horrekin.

Ikasturte amaierako festak modu bat izaten dira ikasgelako argiak itzali izana ospatzeko. Elkartzeko ikasturtean zehar ondoan izandakoekin eta ilusioa egiten duten gauzak egiteko; adinaren arabera diferenteak.

Sanjoanetatik aurrera ere lanera joatea tokatuagatik, nire kalkuluen arabera, oraintxe da ikasturte amaierako festen aroa; baita toki guztietako festak kolapsatzen diren aroa ere. Nik uste dut, egun batez, ikasturtea amaitutzat ematera noala. Festa bat proposatuko diet lagunei: elkartu gaitezen, eta egin ditzagun ilusioa egiten diguten gauzak elkarrekin. Ospatu gabe utzitako ikasturte amaiera denen alde topa egin dezagun. •