Jauzi ala jausi
«Hemen denok gure trauma ta mobidak dazkau». Badira urte batzuk esaldi hori estreinakoz irakurri nuela. Neska batek besotik zintzilik zeraman poltsak aldarrikatzen zuen. Barrea eragin zidan, «ni ere banaiz horren parte» sentitzean ateratzen den irri konplize hori. Eta ordutik, hainbatetan ikusi ditut halako poltsak; dena esatera, neskek zeramatzaten guztiak ere. Esaldi horri tiraka, askotan egin ditugu txisteak lagun artean, bestearen TOC-ak zein diren elkarri aurpegiratuz (seguru asko, nahasmendua bera arinkeria handiegiz erabiliz egin ere).
Eta astekariko zutabe bat aitortza intimoak egiteko tokirik onena ez den arren, horretarako baliatuko dut gaurkoa -nola heldu naiz ni honaino?-. Hitzak dira nire nahasmenduaren (edo haietako baten) eragile. Bai, hitzak; bat-batean modan jarri, eta etengabe edonork edozein tokitan errepikatzen dituen hitz horiek. Buruan iltzatzen zaizkit; hitza bera, eta hari lotutako milaka galdera: zenbat esanahi ditu ba? Zertarako darabil bakoitzak? Gauza bera ulertzen al dugu guztiok? Eta gauza bera esan nahi ote dugu? Ez ote gara edukiz husten ari? Ez al dago hitz egokiagorik?
Horixe bera gertatu zait azken hilabeteotan “jauzi” hitzarekin. Urte gutxitan, boladan jarri da “jauzi”. Jauziaren beharraz hitz egiten dugu; herri gisa, euskalgintzan, hezkuntzan, ekologismoan... Guztia da jauzi, denean eta denontzat balio du -aurrera ala atzera egingo ote dugun, hori beste kontu bat da-. Eta, hara non, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere bere egin duen: aste honetan iragarri du 2027an Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela, “Jauzia gara” lelopean. Honela azaldu du: «Herri gisa jauzi kualitatibo bat egiteko, guztion atxikimendua eta inplikazioa behar dugu; kontsentsua behar dugu». Nire nahasmendua ez da honezkero besoko poltsa batean kabitzen.
Pradalesen asmoa ona da itxuraz. Ordea, hori bera aldarrikatu genuen duela urte eta erdi baino gehiago 70.000 lagunek Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioan. Hain zuzen ere, hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa dela adierazi genuen (bai, jauzi). Urte eta erdi honetan, euskarari dagokionez norabait jauzi egin badugu, atzera egin dugula esango nuke. Epaitegietatik iritsitako kolpe bakoitza da horren froga. Eta hor dugu azken egunotan Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea protagonista izan duen zirku mediatiko-politikoa ere, oldarraldia, judiziala ez ezik, politikoa ere baden seinale.
Euskarak, guztiok nahi dugun jauzi hori aurreraka egin ahal izateko, politikak, plan zehatzak eta ekintzak behar ditu, gaurdanik hasita. Kontseiluaren manifestazioko argazkia izan zen kontsentsuaren isla. Diagnostikoa mahai gainean dago. Ezin dugu beste bi urtez itxaron. Oldarraldi judizialari harresia jartzeko ordua da, enplegu publikoaren legea aldatuz; hizkuntza politika berri bat garatzeko unea da, baita hari segurtasuna emango dion araubide berri bat ere.
Nire nahasmendua arintze aldera, “jauzia”-ren ordez, indarraldia, aurrerapausoa, aitzinatzea... hitzak erabiltzen hasi naiz (utzidazue, hemen denok dauzkagu-eta gure trauma eta mobidak). Hitz bat ala bestea, orain ekin behar diogu. Bestela, ez ote dugu 2027an, “Jauzia gara” esan beharrean, “Jausiak gara” esango? •