Langileen eskubideek atzera egin dute azken hamarkadan, Sindikatuen Konfederazioaren arabera
2014tik urtero mundu mailako langileen eskubideen urraketa aztertzen duen Eskubideen Indize Globalak mundu osoko langileen eskubideen «atzerakada» eta haien baldintzen degradazioa salatu ditu aurtengo edizioan. Amerikak eta bereziki Europak atzerakada handia izan dute azken hamarkadan.

Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioaren (ITUC) 2025. txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: langileen eta sindikatuen egoera globala gero eta okerragoa da. Eta ez da krisi isolatua, sindikalismoaren, lan eskubideen eta, azken buruan, demokraziaren beraren aurkako ofentsiba global, sistematiko eta koordinatua baizik. Global Rights Index-ek, 151 herrialdetako langileen egoerari buruzko termometrorik zehatzenak, argi utzi du publikatutako txostenean: kolpe isila jasaten ari dira mundu osoko langileak, gobernuek bultzatuta eta elite ekonomikoek finantzatuta.
ATZERAKADA GLOBALAREN ZIFRAK
ITUC Global Rights Index 2025 erakundearen txostenak panorama latza azaleratu du: langileen eskubideei sistematikoki eraso egiten zaie mundu osoan, indizearen zifrek erakusten dutenez.
Adibidez, ITUCen txostenak nabarmentzen du herrialdeen %87an greba-eskubidea urratu dela, ekintza sindikalaren funtsezko zutabeetako bat. Murrizketak antolakuntzara ere hedatzen dira: herrialdeen %75ean, langileak ezin dira askatasunez afiliatu, eta ezin dituzte sindikatuak osatu ere.
Negoziazio kolektiboa ere setiopean dago: herrialdeen %80k murrizten dute, langileek lan-baldintza duinak hitzartzeko duten gaitasuna ahulduz. Horrez gain, herrialdeen %72k ukatu edo mugatu egiten du laneko justiziarako sarbidea.
Errepresioa, gainera, legezkotik haratago doa. 71 herrialdetan, langileak atxilotu edo espetxeratu zituzten nazioartean aitortutako eskubideak erabiltzeagatik. Bostetan -Kamerun, Kolonbia, Guatemala, Peru eta Hegoafrika-, sindikalistak hil zituzten.
Global Rights Index erakundeak 2025ean lan eskubideak gehien urratu dituzten 10 herrialdeak aipatzen ditu txostenean: Bangladesh, Bielorrusia, Ekuador, Egipto, Esuatini, Myanmar, Nigeria, Filipinak, Tunisia eta Turkia.
EUROPAREN GAINBEHERA
Hala ere, txostenaren ondorioetako bat da mendebaldeko demokraziek jada ez dutela bermatzen eskubideen babesa. Ildo horretan, Global Rights Index-ek 1etik 5+era bitarteko 151 herrialde sailkatzen ditu lan eskubideen urraketen larritasunaren arabera, nazioarteko arauekin bat datozen 97 adierazletan oinarrituta. 1. mailak noizbehinkako urraketak adierazten ditu; 5+ mailak, berriz, islatzen du herrialdeak ez duela inolako bermerik, zuzenbide-estatuaren kolapsoa dela eta.
Hala, Europan, hamarkadetan zehar lan eskubideen gotorlekutzat hartu den eremuan, indizea hasi zenetik izan duen mailarik okerrenera jaitsi da. Eskualdeak 5etik 2,78ko puntuazioa du, eta atzerakadarik larrienak eskuineko koalizioek eta ultraeskuindarrek gobernatutako herrialdeetan biltzen dira.
Italia, Georgia Meloniren eskutik, lan eskubideen aurkako laborategi autoritario bihurtu da. Lehen ministroak greba egiteko eskubidea mugatu du, sindikatuen ordezkariak manipulatu ditu eta protesta soziala gaitzetsi du. Gainera, Berme Batzordeak grebak murriztu zituen garraioan, «erabiltzaileen eskubideei eragiteagatik», eta gobernuak alde bakarretik murriztu zituen sindikatuen ordezkariak CNELen, hiruko gizarte-elkarrizketarako organo nagusian. Lan arloan errepresioaren instituzionalizazioaren adibide batzuk baino ez dira horiek.
Estatu frantsesak, bere aldetik, kontrairaultza isila bizi du. 10 hitzarmen kolektibotatik ia 4 sindikatuen parte-hartzerik gabe ezarri ziren. Hala, Parisek 2 kalifikazioari eusten dio, baina negoziazio kolektiboaren eredua desegiten ari dira enplegatzaileak, Estatuaren pasibotasunarekin -edo konplizitatearekin-.
Estatu espainolak 2. mailari eutsi dio, eta hainbat urraketa bizi izan dituzte langileek. Txostenaren arabera, ez du atzerapauso larririk erregistratu, baina egiturazko tentsioak daude oraindik ere: behin-behinekotasuna, genero-arrakalak, plataforma digitaletan sindikalizatzeko oztopoak eta ezkutuko gatazkak osasun-, hezkuntza- edo garraio-sektoreetan.
MILEI EREDUA
Txostenak nabarmendu duen kasurik larriena Argentina da. 2023ko abenduan Javier Mileik presidentetza hartu zuenetik, lan-zuzenbidea modu kontrolatuan eraistea bultzatu du. Omnibus legeak botere legegileak ematen dizkio, protesta kriminalizatzen du, kaleratzeak malgutzen ditu eta beltzean kontratatzen duten enplegatzaileei zigorrak kentzen dizkie. Emaitza? Herrialdea 3. mailatik 4.era jaitsi da, munduko okerrenetara hurbilduz.
Kaleak Mileiren neurri neoliberalen aurkako erresistentziaren lekuko izan dira: mila pertsona baino gehiago zauritu ditu Argentinako Gobernuak manifestazioetan, atxiloketa masiboak izan dira, eta gomazko balak erabili dituzte segurtasun indarrek.
Bestalde, Latinoamerika osoan, eskualdeko batezbestekoa bere maila historiko txarrenera jaitsi da: 3,68. Costa Rica eta Panama ere 4ra jaitsi dira, lege murriztaileen, sindikalisten atxiloketen eta sektore publikoan sindikalismoaren aurka egin den eraso baten ondorioz.
Txostenak joera politiko argia identifikatzen du: eskuin muturreko gobernuak, populista autoritarioak edo neoliberal erradikalak dira erreforma antisindikalen bultzatzaile nagusiak. Eredu asko daude, Finlandiarena kasu, Petteri Orporen gobernuaren gidaritzapean; edo Donald Trumpena, AEBetan boterera itzuli dena sindikatuen aurkako milioidun talde batekin.
«Metodo berberak, interes berberak: sindikatuak isiltzea, kaleratzeak erraztea, protestak kriminalizatzea», laburbiltzen du txostenak. Gainera, «atzerriko eraginaren» aurkako legeak hazi egin dira, estatuko eta nazioarteko sindikatuen arteko lankidetza kriminalizatzen dutenak. Georgia, Hong Kong, Errusia edo Iranek lege horiek erabiltzen dituzte sindikatuak «kanpoko etsaiaren» agente gisa etiketatzeko.
DATURIK TXARRENAK
Puntuazio txarrenak dituzten eskualdeak Ekialde Ertaina eta Ipar Afrika (4,68), Asia-Pazifikoa (4,08) eta Afrika (3,95) dira. Herrialde gehienetan, ezin da sindikatu bat osatu estatuaren baimenik gabe, greba debekatuta dago, eta buruzagi sindikalak atxilotu edo hil egiten dituzte. Bortxazko lana, batez ere Golkoko herrialdeetako migratzaileen artean, enplegu-modu nagusia da oraindik ere.
Baina, era berean, badaude atzeraldi orokorraren aurkako erresistentziaren seinaleak. Côte d 'Ivoiren, DHLko langileek ordezkaritza sindikala lortu zuten urteetako borrokaren ondoren; Indonesian, "Omnibus Legea" partzialki bertan behera utzi zen ekintza sindikal masibo bati esker; eta Kanadan, «eskirolen aurkako» lege bat onartu zen, grebetan ordezkapenak kontratatzea debekatuz.
DEMOKRAZIA ETA SINDIKALISMOA
«Botere ekonomikoa elite baten esku pilatzen denean, demokrazia itotzen da», dio ITUCek. Aldi berean, azpimarratu du lan eskubideen higadura ez dela istripua, gutxiengo ekonomiko baten boterea indartzeko estrategia baizik.
Asfixia hori lan eskubideetatik hasten da. Sindikatu bat gutxiago izateak demokrazia ahulagoa izatea dakar, txostenaren arabera. Adimen artifiziala, desinformazioa eta krisi klimatikoa nagusi diren garaian, galdera ez da sindikatuek garrantzitsuak izaten jarraitzen ote duten, demokraziak haiek gabe bizirik iraungo ote duen baizik.