
Uztailaren 1ean abiatuko da Atharratzen Euskarabenturaren edizio berri bat, eta Getxon amaituko da hilaren 31n.
Aurten, 126 lagun bilduko ditu esperientziak, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriak, eta ekimenak presentzia izango du lehen aldiz Primeran plataforman.
Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen espedizioak «euskara oinarri izango dituen harreman berriak eraikitzen» laguntzea du helburu, «pausoz pauso Euskal Herria alderik alde gurutzatzen, egunerokoaren gorabeherak bizitzen eta txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean».
Aurten, gainera, ETBrekin sinatutako hitzarmenari esker, EAEko telebista publikoak presentzia izango du ibilbidean eta lau saio ekoitziko ditu Euskarabenturarekin elkarlanean. Zehaztu dutenez, Debagoieneko Abao Komunikazio Agentzia (ABAO) arduratuko da «jzioquitarren bizipenak ardatz izango dituzten saioak grabatzeaz».
Telebistak eskaintzen duen proiekzioaz azaldu dute espediziotik kanpo gazteengana heldu eta euskaldunen arteko sareak elikatzea del asmoa. Uztailaren 10ean eta 24an estreinatuko dira lehen bi saioak Primeran plataforman.
Jakinarazi dutenez, babesle berriak ere baditu aurtengo espedizioak, aurreko urteetakoei Iruñeko Udala eta Irizar enpresa batu baitira. Zehaztu dutenez, babesle guztien ekarpen ekonomikoari esker espedizioak ez du kostu ekonomikorik izango parte hartzen duten gazteentzat.
Aurtengo espedizioaren profilari dagokionez, aurreratu dute Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena duela, emakumezkoak direla taldearen gehiengoa eta aurten ez dela diasporako kiderik izango.
Bestetik, antolatzaileek azaldu dute urtero osasun lantalde bat abenturara etortzea nahi dutela, «baina oraindik osatzeko dago. Norbaitek interesik badu elkartearekin harremanetan jartzeko deia» egin dute.