
Gaurko egunez hil zen Ewy Rosqvist-von Korff, Suediako rally piloturik arrakastatsuena eta historiako onenetarikoa izan zena. Europako hainbat txapelketa irabazi zituen, baita egun Suediako Rallya dena ere, lau aldiz. Lorpenik nabarmenetakoa 1962an Argentinako Turismo Sari Nagusia irabazi izana da, Ursula Wirth kopilotua lagun zuela.
Ewy Jönsson izenez jaio zen 1929ko abuztuaren 3an, baserritar familia batean, eta albaitari laguntzaile izateko ikasi zuen. Lan horretan jarduteko autoa erabili behar zuen eta horrela piztu zitzaion azkar gidatzearekiko interesa.
Ezkondutakoan, senarraren Rosqvist abizena hartu zuen eta elkarrekin Club Realeko kide egin ziren. Hasieran, senarra joaten zen gidari, baina gerora bera ere hasi zen lehiatzen. Horrela, denborak aurrera egin ahala Europako emakumezko piloturik onenetakoa bilakatu zen eta 1960an Volvoren talde ofizialean sartu zen. Bi urtera, Mercedes-Benzek kontratatu zuen eta nazioarteko ibilbideari ekin zion.
1959an, 1960an eta 1961ean Europako Txapelketa irabazi zuen. Halaber, Suediako Rallyaren emakumezkoen kategorian irabazi zuen lau aldiz 1959tik 1962ra bitartean. 1962an, Rosqvistek Argentinako Turismo Sari Nagusian parte hartu zuen, horrelakorik egin duen lehen emakumea bilakatuta, Ursula Wirth kopilotu zuela. Bikoteak sei etapak irabazi zituen eta lasterketarako abiadura errekor berria ezarri zuen.
Hurrengo urteetan Rosqvist bigarren eta hirugarren sailkatu zen Argentinako Sari Nagusian, eta Montecarloko Rallyan eta Nürburgringen ere irabazi zuen 2,5 litroko klasean.
Rosqvistek lasterketa handietan parte hartzeari utzi zion Mercedes-Benzek 1965ean bere rally taldea desegin ondoren. Audiren eskaintza jaso zuen, baina bere karrera goi mailako rallyan amaitzea erabaki zuen eta 1964an Alexander von Korffekin, Mercedes-Benz kirol saileko buruarekin, ezkondu zen, haren abizena bereari gehituta.
Rosqvist-von Korffek 1967an utzi zion lehiatzeari, eta bere garaikurrak eta autoak Stuttgarteko Mercedes-Benz Museoan daude ikusgai. Ewyk hainbat urtez lan egin zuen museoaren gidari eta Mercedes modelo berrien proba-pilotu gisa.
Stuttgarten bizi izan zen 1977an Alexander von Korff hil ondoren, baina azkenean Suediara joan zen bizitzera. Bertan, Karl Gustav Svedberg ezagutu zuen, Philipson Bil AB konpainiako zuzendaria, Mercedes-Benz automobil inportatzaile bat. Elkarrekin bizi izan ziren 2009an Karl hil zen arte.
Ewy Rosqvist-von Korff iaz hil zen, 94 urte zituela, Stockholmen.

Bortzirietara migratu duten pertsonen euskararekiko jarrerak aztertu dituzte

50 urtez haurrentzako euskarazko aisialdia posible dela erakusten

«Betaurreko moreak bezala, euskararen betaurrekoak ere beharrezkoak dira hezkuntzan»

Joxe Azurmendi, ekipoan aritu den «idazkina»
