Eskerrik asko, Joxe!
Galdetu nizun behin, ea nola adiskidetzen zinen mundu honekin. Zure erantzuna soila izan zen, azkarra, bai hitzez bai keinuz frantziskotar baten soiltasunezkoa eta galdera hori bere baitan gogoetatua duenaren azkartasunezkoa. Animaliatxo batzuk baino ez gara esan zenidan. Zenbat aldiz ez ote duzun hori esan. Animalia kulturalak, neurri batean irekiak, neurri batean askeak… baina animaliak. Gizabereak.
Zure erantzunean Jainkoaren ahotsa isildua da, zerutik lurrera etorriak gara, baina nolabait, hala ere, beste modu batera, berriz ere, lehengo euskaldunen “ez gara gure baitakoak” oihartzun urrun bezain gertukoa entzuten da. Guk modernokumeok, Ni-a gurtzen dugunok, gure baitakoak garela sinetsi dugunok, bederen, “ez gara guztiz gure baitakoak” esan beharko genuke, ezta, Joxe?
Horren da zaila, garenaren eta ez garenaren soka-dantza. Dakiguna eta ez dakiguna trentzatzea. Bizitzak heriotzari eta misterioari dion ordaina aitortzea, zein ni-ak eta gu-ak elkarri diotena, gu-ak eta bestea-k bezainbestekoa. Horren da zaila, gure esku ez dagoenarekiko onarpena eta gure esku dagoenarekiko ahalegin saiatua eta jarraitua, “amor fati”-a eta existentzialista engaiatu ekintzailea lagun egitea, patua eta hautua, emana zaiguna eta izan nahi duguna, lotura eta askatasuna jostea eta maitatzea. Ez da erraza, berdinkerien plazan aniztasuna aldarrikatzea. Boterekerien eta zoriontasunaren ideologian justizia eta askatasuna. Gizaberearen neurriko esperantzekin zinez amets egiten jarraitzea.
Horren da bihurria oreka, horren nekeza ahalegina. Artisau zailduaren ezagutza, pazientzia, trebetasuna, apaltasuna eta lana behar da hori guztia bilbatzeko, zu bezalako baten lana, zure lana. Eta zuk hainbestetan esan bezala, taldea, talde-lana. Jakinduria.
Zure hitzetan, joandako ura dator beti berriro. Ura eta Lurra, beti zahar, beti berri. Gizatasuna ere halaxe. Lurrekoak garela askotan esan diguzu. Lurrekoa denak lurra entzuten duela eta lurra entzun behar duela. Lurra, herria. Guk, nagusiki, euskaldunon lurra, euskaldunon herria, euskaldunon bizinahia, bizitza eta heriotza, euskararen eta euskal jendearen espazio sinbolikoa eta komunikazionala. Gure unibertsoa.
Euskal Herria dugula eginkizun, gure aurrean eta mundura zabalik, zenbat aldiz gogorarazi ote diguzu. Gure herria, gure hizkuntza, gure mundu espirituala, gizaki izateko gure modua berreskuratu, aldarrikatu, berregin, ikasi, asmatu, gozatu, maitatu guk geuk egin behar dugula. Taldean, komunitatean. Txikia handi dela. Gure mundu propioa, geure-geurea, txeraz zaintzea eta sortzea dagokigula, eta ez kanpo begiradez eta kanpora begirako xedez merkantzia eta bidesari legez saltzea, hustea, arroztea, ahaztea, amore ematea. Hamaika aldiz zuk esana da.
Behin betiko erantzunik ez eta, galdezka jarraituko dugu, behin betiko konponbiderik ez eta, lanean jarraituko dugu, zuk ondo erakutsi bezala, pesimista aktibo.
Eskerrik asko, Joxe! Gogoan izango zaitugu. Adiorik ez. Bidean eta zure artisau meditazioen baratzean elkartuko gara, irribarretxo batekin libre, lasai, gauza guztiz seriosek merezi duten bezala.
Aizkorripeko Arantzazuko lurrak gozo bezain aske har zaitzala.

Bortzirietara migratu duten pertsonen euskararekiko jarrerak aztertu dituzte

50 urtez haurrentzako euskarazko aisialdia posible dela erakusten

«Betaurreko moreak bezala, euskararen betaurrekoak ere beharrezkoak dira hezkuntzan»

Joxe Azurmendi, ekipoan aritu den «idazkina»
