Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

«Rainbow Warrior» ontzia hondoratu zuten gaur 40 urte

Gaur 40 urte, zehazki 1985eko uztailaren 10ean, ‘Rainbow Warrior’ Greenpeaceko itsasontzia leherrarazi zuten Estatu frantseseko zerbitzu sekretuek Zeelanda Berrian. Kasua nazioarteko eskandalu bilakatu zen.

‘Rainbow Warrior’ berriaren irudi bat.
‘Rainbow Warrior’ berriaren irudi bat. (GREENPEACE)

40 urte bete dira Estatu frantseseko zerbitzu sekretuek ‘Rainbow Warrior’ (Ostadarreko gerlaria) ontzia hondoratu zutenetik, Defentsa Ministerioaren agindupean (orduan alderdi sozialistaren esku zegoen). Zeelanda Berriko Auckland herriko badian zegoen porturatuta Greenpeaceko itsasontzia, eta Mururoako atoloian proba atomikoen aurka protestatzera zihoan.

Atentatuan 36 urteko Fernando Pereira argazkilaria hil zuten. Greenpeacek argitaratutako dokumental honetan islatu zen ezbeharra.

Arrakasta operatiboa izan zen agian, baina erabateko porrot politikoa, nahiz eta François Miterrand presidentearen atal ilun hau ia ahaztuta dagoen Hexagonoan.

1985eko uztailaren 10eko gauean, ‘Rainbow Warrior’ ontzia Muroroako flotilla baten buru izateko prestatzen ari zenean, Frantziako saiakuntza nuklearren aurka protesta egiteko, zerbitzu sekretuetako agenteek bi leherketa-karga jarri zituzten bere kaskoan. Bigarren leherketak Pereira hil zuen, lehenengo leherketa izan ondoren, bere gelara itzuli zenean bere ekipoa jasotzera.

Estatu frantseseko bi agenteri hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zieten nahi gabeko hilketagatik, eta zazpi urtekoa eragindako suteagatik. Handik bi urtera libre atera ziren: Parisera ohorez itzuli eta beren karrera berreskuratu ahal izan zuten.

NBEk Greenpeace-i konpentsazio ekonomiko bat ordaintzeko agindu zion Estatuari, eta horrekin bigarren ‘Rainbow Warrior’ bat uretaratu ahal izan zuten 1989an.