
Gasteizko Ahalduntze Feministako Eskolak 2025. urteko Ikerketa Lan Feministen Lehiaketan parte hartzeko epea ireki du. Deialdira aurkezten diren parte hartzaileek ahalduntze feministarekin lotutako gai interesgarri bat landu beharko dute. Beste aukera bat da Gasteizen emakumeen eta normatiboak ez diren genero orientazio, adierazpen eta identitateak dituzten pertsonen eskubideen aldeko gizarte eraldaketa bultzatzeari buruzko ekarpena egitea.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, lehiaketak ikerketa lanari lagunduko dio, arlo akademikoan edo ikerkuntzan era profesionalean aritzen ez diren pertsonek ere parte hartu ahal izan dezaten.
«Seigarren edizio honetan saria 5.000 euroraino handitu dugu lehiaketa irabazten duten bi pertsonentzat, beste bultzada bat eman nahi diogu eta. Gure Ahalduntze Feministako Eskolaren ekimen nagusietakoa da, eta gai horretan kezkak dituzten guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera», adierazi dute udal arduradunek.
Ikerketa lan irabazleen proposamenak aurtengo azarotik datorren urteko maiatzera gauzatuko dira, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterraren parte hartzearekin.