AFP

Heavy metalaren jarraitzaileek «Iluntasunaren printzeari» omenaldia egin diote

Birmingham zendu berri den Ozzy Osbourne abeslariaren sorterria da, eta bertan dago bere taldearen izena daraman zubia, Black Sabbath Bridge. Jarraitzaileak bertan elkartu ziren asteazkenean, heriotzaren berri izan zutenean, maite zuten horri omenaldi txiki bat egiteko.

Ozzy Osbourne mitikoaren jarraitzaileek Black Sabbath taldeko buruzagia zenari omenaldia egin zioten asteazkenean, bere heriotzaren berri jakitean. 76 urte zituela hil zen mundu osoan ospea lortu zuen musikaria. Bere jaioterrian, Birminghamen, metalzale asko hurbildu ziren taldearen izena daraman zubira, eta han loreak eta mezuak utzi zizkioten.

Abeslaria Parkinson gaixotasunarekin diagnostikatu zuten 2019an. Hori dela eta eszenatokiak alboratuta bazituen ere, jarraitzaileak agurtzeko azken kontzertu bat eskaini zuen duela bi aste, Birminghamen bertan, hain zuzen ere, bere sorterrian, jasotako maitasuna itzultzeko asmoz.

«Uste dut gaur heavy metalaren historiaren egunik ilunena dela, heavy metalaren aitabitxia hil berri da, bere bizitzako azken emanaldirik onenetako bat eman eta 17 egunera. Birminghameko guztiak daude hona etortzen metalaren historiako liderrik handienari omen egitera», kontatu zuen 32 urteko Londreseko medikua den Burjor Anklesariak.

Bere ustez, eszenatoki gainean presentzia izugarri handia zuen, Freddie Mercury, Lemmy Kilmister eta Ronnie James Dio-ren parekoa. «Tipo honek dena zuen. Kontzertu osoan isilik egon arren, eszenatokian zutik egoteatekin bakarrik,  jendea txalotzen hasten zen eta zoratu egiten zen. Hori zen tipo honek zuen esentzia», azaldu zuen.

‘Iluntasunaren Printzea’ ezizenez ezaguna, heavy metalaren aitzindarietako bat izan zen Osbourne, Black Sabbath taldearen eskutik, zeinak arrakasta komertzial handia lortu zuen 1970eko hamarkadan. Hiri kondaira ugari ere sortu ziren bere figuraren inguruan, eta bere familiarekin reality show bat egitera iritsi zen, non aita bitxi baina maitagarri bezala ageri zen. 

70ko hamarkadatik hona aritu da musikan eta, horregatik, adin guztietako jarraitzaileak zituen. Horren adibide da 17 urteko Aaron Jacobs.:«Bera izan zen heavy metalaren aita, 70eko hamarkadatik gaur egun arte. Denbora asko da. Bere eraginak esanahi handia du hemengo ia guztientzat. Birminghametik dator, nire jaioterritik. Oso harro nago hemen egoteaz, hemengoa izateaz. Metala dena da niretzat, eta bera gabe ez litzateke existituko. Beraz, egokia iruditzen zait errespetua adieraztera etortzea».

Birminghameko azken kontzertuan izan zen eta abeslaria ez zuen sasoian ikusi. Jarraitzaileek bazekiten Ozzyren heriotza gertu zegoela, baina ez zuten egun hori iristea nahi. 

Black Sabbathek 75 milioi disko baino gehiago saldu zituen mundu osoan eta 2006an Rock & Rollaren Ospearen Aretoan sartu zituzten. Osbourne iaz sartu zen bigarren aldiz bakarlari gisa. 

«Esanahi handia du guretzat. Heavy metala hemen jaio zen eta beste hainbat talde horri esker sortu ziren. Metallica eta beste thrash talde guztiak, baita berriak ere.  Denek entzun dute Black Sabbath eta oso garrantzitsuak dira guztiontzat. Eta Ozzy, bere bakarkako ibilbidean, ere bai. Pertsona harrigarria zen», aipatu zuen miresmen handiz 16 urteko Eliza Shepherdek.