
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) buru duen ikerketa-talde batek, Wuhango Unibertsitatearekin eta Txinako Zientzien Akademiarekin batera, altzairu herdoilgaitzarekiko erresistentzia gainditzen duen zur naturala garatzea lortu du.
Tratamendu mekaniko, kimiko eta biologikoen konbinazio baten bidez zur fosilizatua sortzen duten prozesu naturaletan inspiratu dira ikertzaileak, EHUk ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera.
Emaitza «prestazio handiko» egurra da, etorkizun hurbilean jatorri fosileko materialak ordezka ditzakeena eta «ekonomikoki bideragarria» dena.
Erresistentzia mekaniko handiaz gain, egur horrek tenperatura altuak eta muturreko talka termikoak jasaten ditu, eta karbonoa harrapatzeko gaitasun handia du.
«Zuretik elikatzen diren onddoak erabili dituzte, eta tratamendu mekaniko eta kimikoekin konbinatu. Horrela zura osatzen duten osagaien egitura molekularra birkonfiguratzea lortu dute, material horri erresistentzia mekaniko handia emateko. Hezetasunarekiko, tenperatura altuekiko eta muturreko talka termikoekiko (adibidez, –196 ºC-tik +120 ºC-ra) erresistentzia ere handitu ahal izan da», azaldu dute.
Gaineratu dute, bestalde, «trakzioarekiko erresistentzia aztertzean, hau da, material batek hautsi aurretik jasan dezakeen tentsio maximoa zein den aztertzean, altzairu herdoilgaitzarena (SAE 304) baino handiagoa zuela egiaztatu zutela».
«Gure emaitzen arabera, prestazio mekaniko oso altuak lor daitezke, eta, aldi berean, ekonomikoki bideragarriak dira, eta karbonoa harrapatzeko gaitasuna dute», adierazi du Erlantz Lizundia ikertzaileak.