Jende maitea gure bizitzan

Gehiengoari oporraldia iristen zaionean, iruditzen zait mundu guztiari egiten diola buruak klik. Bizimodurik apenas aldatuta ere, aldatzen dela zeozer. Nik, adibidez, aurten, berriz sumatu dut ohi baino mezu gehiago jasotzen ditudala mobilean; bidali ere bai, seguruenik. Aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko momentu aproposa omen da uztail-abuztua, hori diote Whatsappeko mezuek. Ikasturtean zehar botatako “ea planen bat egiten dugun” guztiak etortzen zaizkit gainera.

Mezu arte horretan konturatzen naiz, eta aldiro harritzen, ze abiadura eta dimentsiotan aldatzen diren gure harremanak. Nola desagertzen den jendea gure egunerokotik, nola etengabe eraikitzen dugun gure egunerokoa jende maite berriz. Batzuetan hunkidura puntu batez begiratzen diet lagun zaharrei; saiatzen naiz akordatzen noiz utzi nion dena delakoa halako indartsu maitatzeari, eta gero pentsatzen dut, besterik gabe, elkarrentzat inportanteak izan ginela noizbait, asko eman digula horrek ere. Are, batzuetan, gertatzen denean, polita dela lagun zaharra ez-dakit-nongo parkean topatu eta kariño puntu batek oraindik tripan jarraitzen duela sumatzea.

Pena ere ematen du, noski, jende maiteak gure bizitzan toki gutxiago eta gutxiago nola duen ikusteak. Horregatik igarotzen dugu ikasturtea “ea planen bat egiten dugun” bota eta bota. Gero, iristen zaio jendearen gehiengoari oporraldia, klik, iristen da uztail-abuztua, eta, mezu arte horretan, saiatzen naiz aspaldi ikusi gabeko lagunen mezuak erantzuten eta haiekin kafea hartzeko tarteak baliatzen, baina saiatzen naiz, batez ere, egunero-egunero ondoan dudan jende maitearekin momentu eder-ederrak igarotzen, egunen batean kariño puntu batekin gogoratuko ditudanak, ez-dakit-nongo parkean topo egindakoan. •