Umorea
Garai txarrak dira nonbait umorearentzat. McGonagall eskoziarra jenio bat omen zen poema txarrak idazten eta gizajoak zirku batean lan egiten bukatu zuen. Bere errezitaldiak irauten zuen bitartean jendeak arrautzak, irina eta barazkiak botatzen zizkion. Jaioterrian, Ddunden, haren omenez errezitaldi bat egiten omen da urtero eta inguruetako poetarik okerrenak elkartzen dira jendearen gozamenerako.
Kepa Matxain bertsolaritzari buruzko doktore tesia egiten ari da eta aztertzen ari den gai kutunen artean bertsolari okerrena dago. “Bertsolari” aldizkarian aurrerapen bat argitaratu zuen eta erreportaje bera igo zuten aldizkariaren Telegrameko kontura. Sasibertsolari horien zerrenda ez da hain laburra eta euren artean txapelketak egitera ere iritsi ziren, Matxainek kontatzen duenez. Behin Goiara, Krixostimo eta Xulua Oiartzungo Zulatz-Txipin elkartu ziren elkarren artean merienda bat egin eta zeinek bertso okerragoak bota lehiaketa bat jokatzeko. Bertsolaritzak, noski, galdu egin du azkenaldian komediarako joera hori.
Gaur ere poema txar asko idazten da eta zenbat bertso txar entzuten dugun, baina ez digute barregurarik ematen, erabat normatiboak eta arauzkoak direlako.
Prentsa idatziak ere aspaldi debekatu zuen umorea, zuzentasunaren izenean. Askotan gogoratzen naiz Enric Gonzalez kazetari eta zutabegile bikainak aipatzen duen Jeffrey Bernardez. “The Spectator” egunkarian “Low life” (bizimodu golfoa) izeneko zutabe bat omen zuen. Alkoholari esker bizi zen. Eguerdi aldera jaiki eta Veuve Cliquot botila bat edaten zuen C bitamina pilula batzuk irentsiz eta pubera joaten zen. Ez zen Soho auzotik mugitzen, baina haren zutabeetan mundu bat aurki daiteke. Tarteka, hori bai, zutaberen testuaren ordez “Jeffrey Bernard is unwell” jartzen zuen, ondoezik zegoela alegia.
Gaztelerazko prentsak bazuen irribarrea eragiten zuen zutabegile belaunaldi bat, baina iritzi emaileek hartu zuten haien lekua. Euskarazko prentsan ere zuzentasun politikoa eta iritzia gailendu dira. Andoni Egaña izan liteke salbuespen bakanetako bat, baina horrek ere datorren urterako erretiroa iragarri du. Urteak daramatza egiteko horretan eta ez du egundo “Egaña is unwell” jarri eta ez du meritu gutxi. •