GAUR8

Gaur 108 urte jaio zen Julia Bizkarra, Mañarian frankistek errepresaliatutako emakumeetako bat

Tropa frankistak kamioi batean agertu ziren Mañarian 1937ko uztailaren 29an eta etxerik etxe herriko hamar emakume atxilotu zituzten. Horien artean Julia Bizkarra zegoen, 20 urte beteko zituena hiru egun geroago.

1937an frankistek atxilotutako 13 emakume mañariarren gaineko mural informatiboa.
1937an frankistek atxilotutako 13 emakume mañariarren gaineko mural informatiboa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

1917ko abuztuaren 1ean jaio zen Mañariako Idartza baserrian Julia Bizkarra Usabiaga, Juan eta Maria Esperanzaren alaba. 1937ko uztailaren 29an erabat aldatu zitzaion bizitza, 19 urte besterik ez zituenean.

1937ko udaberrian Francok Bizkaiko zatirik handiena kontrolpean zuen, eta ekainean, berriz, Bilbo Errepublikaren aurka altxatutako indar militarren esku geratu zen. Euskal jendartearen aurkako errepresioa jada hasita zegoen ordurako, baina egun batzuk beranduago, 1937ko uztailaren 29an, mañariarrek garai haietan bizitako pasarte triste eta ilunenetako bat hasi zen.

Francoren epaile militarrek Mañariko emakume mordoa atxilotzeko agindua eman zuten. Tropa frankistak kamioi batean agertu ziren Mañarian eta etxerik etxe herriko hamar emakume atxilotu zituzten: Clara Goiti, Ageda Goiti, Teresa Subinas, Maxima Arteaga, Antolina Gorospe, Carlota Goiti, Angela Aldekoa, Salome Arteaga, Irene Bizkarra eta Julia Bizkarra.

Beste egun eta leku batzuetan Mañariko beste hi emakume atxilotu zituzten.

Gazteena zen Julia, eta aste batzuk eman zituen Bilboko Larrinaga espetxean. EAJ alderdiaren jarraitzaile, Emakume Abertzale Batzako kidea zen bi urte lehenagotik eta bere izena salaketa zerrenda baten idatzita azaldu zen. 2006an hil zen.

Herri gehienetan gertatzen zen moduan, hamarkadetan zehar gai honetaz gutxi edo ezer ere ez da hitz egin Mañarian. Isilean edo esparru intimo edo pribatuan gorde izan den kontua da. Baina 2020an Mañariko Udalak erabaki zuen, ordea, bazela garaia errekonozimendua, justizia eta erreparazioa eskaintzeko emakume horiei eta euren senitartekoei, eta errepresaliatutako emakumeak gogoratzeko ekimena abiatu zuen. ‘Atearen ostean, Mañariko 13 alabak’ dokumentala argitaratu zuten, besteak beste.