Erronkak hezkuntza-sisteman: ziberindarkeria bikote-harremanetan eta pornografia kontsumoa

Interneterako sarbide goiztiar eta orokortuak erronka berriak ekarri ditu, eta horien artean nerabeen bikote-harremanetan eman ohi den ziberindarkeria dugu. Indarkeria mota horren helburu nagusia bikotekidearenganako kontrola ezartzea da, beste pertsona kaltetuz. Sare sozialetan bikotekidearen profila berrikustea, mezu iraingarri edo mehatxatzaileak bidaltzea edo pasahitzen erabilera desegokia ziberindarkeria oinarri duten jokabideak dira, besteak beste.
PSIDES ikerketa taldeak 12 eta 17 urte bitarteko Euskadiko 409 neraberekin ziberindarkeria oinarri duen ikerketa bat aurrera eraman du, eta ikerketak nerabe askok normalizatuta eta barneratuta dituzten portaerak mahaigaineratu ditu. Datuen arabera, bikotekidea izan duten parte hartzaileen %67,1ek (114, guztira) bikotekidearen aurkako ziberindarkeria burutu izana aitortu du. Hamar nerabetatik seik bikotekidea kontrolatu du mugikorraren edo sare sozialen bidez. Parte-hartzaileen %63,3k (112), noizbait ziberbiktima izan dela aitortu du.
Ziberindarkeriaren agerpen goiztiarraren aurrean, prebentzio programa bat (CDAStop) diseinatu zuen PSIDES ikerketa taldeak. Programak 12 saio ditu, hiru modulutan banatuta: (i) gizarte-trebetasunen lanketa, (ii) bikote-harremanei buruzko ezagutza eta (iii) ziberindarkeria bikote-harremanetan. Halaber, zeharkako modu batean, autoestimua, enpatia, genero-rolak eta sexismoa lantzen dira, baita maitasun erromantikoen mitoak ere. Metodologia parte-hartzailea eta dinamikoa da, eztabaidak, talde-lana, kasu-praktikoak eta antzerkigintza oinarri hartuta.
CDAStop programaren eraginkortasuna ebaluatzeko, parte-hartzaileak bi taldetan banatu ziren: esku-hartze taldea (236) eta kontrol taldea (137). Esku-hartzea baino lehen eta ondoren, bi taldeen arteko emaitzak alderatzeko test-ak egin ziren. Emaitzek agerian utzi dute esku-hartzea izan duen taldeak ziber-biktimizazioan maila altuagoa aurkeztu duela, eta hori testuinguru digitalean abusu-jokabideak identifikatu eta ezagutzeko gaitasunarekin erlazionatzen da. Ziberindarkeriaren inguruko pertzepzioan eta bikote-harremanetako gatazken konponbide-estrategietan ere aldaketak hauteman dira. Emaitza kualitatiboak norabide berean doaz: indarkeria oinarri duten jarrerak identifikatu eta prebenitzeko lagungarria izan zitzaiela adierazi dute.
Nerabeekin harreman zuzena izateak online-pornografiaren kontsumoa ohikoa dela identifikatzera eraman ditu PSIDES taldeko ikertzaileak. Gaur egun, Euskadiko nerabe eta gazteen online-pornografiaren kontsumoaren zeharkako azterketa egitea helburu duen ikerketa abian dute. Online-pornografia gaur egungo merkatuan nagusi da eta, genero estereotipoak sustatzeaz gainera, bikotekideen arteko baimen eza eta antzeko eszenak barne hartzen ditu.
Interneten erabilera, anonimotasun eta kontrol ezak bultzatuta, gero eta adin txikiagotan eman ohi da. Erabiltzaileek eduki pornografikoak zeharkako modu batean topatzen dituzte: webgune batzuetan sartuz gero, automatikoki eduki sexuala barne hartzen duten iragarkiak agertzen zaizkie. Aldez aurreko bilaketa aktiborik gabeko pornografiaren agerpena kezkagarria da, bereziki, umeen Interneterako sarbidea normalizatuta dagoen testuinguru honetan.
Pornografiaren kontsumoak berarekin dakartzan aurreiritzi zein distortsioek nerabeen heltze-prozesuan eragina izan dezakete. Pornografia bera arazoa den arren, hezkuntza afektibo sexuala oinarri duten esku-hartzeak ezinbestekoak dira kontsumoa murriztu eta ekiditeko. Bestela, webgune pornografikoak ikasleen sexu-informazio iturri bilakatuko dira.
Hezkuntza afektibo-sexuala ez da soilik sexu-organoen inguruko ezagutzara mugatu behar. Indarkeria sexualaren prebentzioa, desira, komunikazioa, enpatia, adostasuna, plazera, norberaren zaintza, autoestimua eta autokontzeptua barne hartu behar ditu. Ikasleek pornografia modu kritikoan aztertzeko gaitasuna eskuratu behar dute. Formakuntza horrek, ikasleen garapen pertsonalean ez ezik, genero berdintasunean ere eragina dauka. Save The Childrenek egindako ikerketak agerian utzi du EAEn hezkuntza afektibo-sexuala lantzen duten programak dauden arren, eskolek ez dutela landutako informazioa modu uniformean jasotzen, ez baitira derrigorrezkoak.
Bikote-harremanetako ziberindarkeriak eta nerabe zein gazteen online-pornografia kontsumoaren inguruko datuek agerian utzi dute hezkuntza afektibo sexuala ez dela hitzaldi batera mugatu behar, baizik eta ikasleen ikasketa prozesu osoan zehar, modu etengabean, landu behar dela. •