
‘Muga gotortua nafar Pirinioan’ programa, frankismoan eraikitako bunkerrak berreskuratzea helburu duen ekimena Beran eta Gorramendi-Otsondon (Batzan) garatzen ari dira gazte talde ezberdinak.
Boluntariotzako kanpamentuetan burutzen ari dira programa, eta aurten, guztira, 50 gazte ingururen parte hartzea izango dute. Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatuta, programak Berako Udalaren laguntza du eta memoria historikoarekin lotuta dago.
Oroimenaz gain, halere, errespetua, bakea, berdintasuna et, elkartasuna eta ekologiaren inguruko balioak lantzen direla azpimarratu du Exekutiboak.
Izan ere, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria izan da gaur kanpamentuetan.
«Ollo lehendakariordeak belaunaldi gazteenei memoria helaraztearen garrantzia azpimarratu du, muga gotortuaren moduko espazioak berreskuratzeko lanetan aktiboki parte hartuz», azaldu du Gobernuak ohar bidez.
Zehaztu du, era berean, Ollok gazteek erregimen frankistaren bidegabeko indarkeriaren memoria bizirik mantentzeko konpromisoan izan behar duten protagonismoa nabarmendu duela, gaur egun terrorearen politika haiek legitimatu nahi dituzten faxismoen eta faxismo ondoko mugimenduen gorakadaren testuinguruan.
Edizio honetan, aurrenezkoz, boluntariotzan eskuratutako gaitasunak aitortuko direla gogoratu dute, «gazteen enplegagarritasunerako ziurtagiri baten bidez, non talde-lana, entzute aktiboa edota arazoak konpontzeko bezalako gaitasunak ebaluatzen diren Red Reconoce-ren bidez».