
Herri txikia da Galarreta, Arabako Donemiliaga udalerrian, baina aisialdirako eta ondo pasatzeko aukerarik badago. Eñaut Ruiz de Eginoren aitak behinola abeltzaintzarako erabilitako larreek beste zentzu bat daukate gaur egun: paintball jokorako zelaiak dira, Iturgutxi paintball-ekoak, hain zuzen.
Lagunekin, familiarekin edo lankideekin borrokatzeko gogorik baldin baduzu, Galarretan, Araban, aukera paregabea eskaintzen du Iturgutxi paintball-ak. Parte-hartzaileen adina gorabehera, gutxienez zortzi pertsonako taldeetan antolatuz gero, jolas taktiko hau probatzeko ateak irekita daude.
Eñaut Ruiz de Eginok sortu zuen, bertakoa da, eta gaur egun ere berak kudeatzen du, beste kide batekin, bere ogibide nagusia ez bada ere. 2007an ekin zioten proiektu honi, duela 18 urte. Haurren begirale moduan Saloura egindako bidaia batean deskubritu zuten jolas hau eta, herrian aitak zituen larreak eta txerri-korta gogora ekarriz, honakoa bota zion Ruiz de Eginok bere kideari: «Eta paintball bat muntatzen badut?». Lagunak, dudarako tokirik utzi gabe, «sortzen baduzu zurekin egingo dut» erantzun zion.
Pasadizo hau Eñaut Ruiz de Eginok kontatu zion GAUR8ri, Galarretara egindako bisita batean, behinola aitaren txerritegia zen eta gaur egun biltegia eta bulegoa hartzen dituen eraikinaren atarian. Paintball-ean jolasteko zelaiak, handik metro gutxi batzuetara, abereen bazka izandakoak dira.
Itxura, baina, asko aldatu da. Herritik aldapan behera eginda, Iturgutxiren aparkaleku zabala gurutzatu ondoren, dagoen zelaira iritsi bezain pronto, likidoentzako edukiontzi zaharrak eta pneumatiko handiak ikusi daitezke, sakabanatuta. Jolasean murgilduta gordeleku moduan erabiliko diren elementuetako batzuk dira, karabana zahar bat barne. Bistakoa da ia 20 urteko historia, pinturazko orbanez blai daude. Baina lasai, biodegradagarria da.
GAUR8ren bisitak jolastera etorritako familia batekin bat egin zuen. Beharrezkoak diren jantziak, ekipamendua eta markatzaileak -alegia, jolasteko pistolak - eman zizkien Eñautek. Egun hodeitsu bat egokitu zitzaien, ezin hobea paintball-ean aritzeko.
Hori da, behintzat, Ruiz de Eginok bere esperientzian oinarrituta ziurtatzen duena. «Garairik onena negua da, korrika ibili arren berorik ez duzulako pasatzen», azaldu zuen. Bestela, udaberrian edo udazkenean joatea gomendatzen du, udako hilabeteen beroa ekiditeko.
Hori dela eta, eta erreserbekin antolatzen direnez, urte osoan zehar irekita dago Iturgutxi. Erreserbak egiteko gutxienez zortzi pertsonako talde bat eskatzen dute, eta beraiekin telefonoz harremanetan jarrita erreserba daiteke.
Batik bat Gasteizko jendea etortzen dela azaldu zuen Eñaut Ruiz de Eginok, baina Donostiakoak, Iruñekoak eta -gutxiago- Bilbokoak ere Galarretara gerturatzen dira normalean. Hala ere, Estatu frantsesetik edo Madrildik etorritakoak ere bertatik igaro dira noizbait.
Eskaera handia izan zuten garai bat pandemia ostekoa izan zen, kontatu zuen Ruiz de Eginok bitxikeria moduan. Kalean egiten den zerbait izanik, pertsona kopuruak eta arauak malguagoak ziren, eta «errekorra egin genuen», azaldu zuen.
Garai hartan suertatu zitzaien arazo bakarra dutxena izan zen, itxi egin behar izan zituztelako. «Normalean paintball-ean ez dago dutxarik», zehaztu zuen Eñautek. «Gurean badaukagu eta jendeak pila bat eskertzen du».
Beste berezitasunetako bat haurrentzako berezia den paintball-a da. Zazpi eta hamar urte bitarteko haurrentzat zuzendutako jolasa da, baina familientzat ere gomendatuta dago, gutxienez hamar pertsonako talde bat osatzen bada. 250 bolekin jolastea proposatzen dute, pertsona bakoitzeko 30 euro ordainduta. Horrela, umeek markagailu berezia erabiltzen dute.
Helduentzako, hamabi urtetik gorakoentzako zehazki, tarifa berdina eskaintzen dute Iturgutxin, baina 200 bola erabiltzeko aukerarekin. Kasu honetan taldea gutxienez zortzi pertsonek osatu behar dute. Hala ere, prezioak aldakorrak dira pertsona kopuruaren eta aukeratutako bola kopuruaren arabera. Ekipo propioa izanez gero, merkeagoa da zelaiak alokatzea. Ruiz de Eginok zehaztu zuenez, talde handiak ere hartu izan dituzte, autobus oso bat, esate baterako.
Hamar eta hamaika urteko umeentzat ere eskaintza berezia egiten dute Iturgutxin, arinagoa den markagailu batekin. Haurrentzako bezala, aukera hau familientzat ere egokia da.
Galarretara iristeko, Gasteiztik Donostiarako eta Iruñerako noranzkoetan doan A-1 errepidea hartu behar da, autoz joanez gero. Ondoren, Araiako irteeran atera eta minutu gutxi batzuetara paintball-a dagoen herrira iris daiteke. Kokapenarekin zalantzarik izanez gero, webgunean mapa bat aurkitu daiteke, bai eta eguraldiaren berri ematen duen atal bat ere.
BASOAN BARRENA
Iturgutxi paintballak sei zelai ditu: Basoa, Far West pelikuletan inspiratutakoa, kanpamentua, gurpilena, Txatartegia eta Deposituak. Horiez gain, zelai mugikor bat ere badu prest Eñaut Ruiz de Eginok, paintball-ean edozein lekutan jokatzeko aukera eskaini ahal izateko.
Erreportaje hau prestatzeko bisitan Galarretara gerturatu zen taldeari Basoa egokitu zitzaion jokatzeko. Behar bezala hornituta, Ruiz de Eginok azalpenak emateko tarte bat hartu zuen beraiekin, markagailuak nola erabili, noiz tiro egin, non ez apuntatu eta, arazoren bat egotekotan zer egin argi uzteko.
Hori guztia argi geratu zela bermatu zuenean, zelaira eraman zituen Ruiz de Eginok. Familiako bi kidek ez zuten jokatu nahi, baina ikusteko aukera izan zuten, pinturazko bolak gelditzen dituen sare altu baten atzetik. Batzuetan bolak sarearen beheko zirrikitutik sartzen ziren, hauen abiadura handia agerian utziz.
Bitartean, gudu-zelaian, bi taldetan banatutako jokalariek tiro egitea eta besteengandik pinuen eta egurrez egindako panelen atzean ezkutatzea tartekatzen zuten, oraindik ere jolasaren dinamika guztiz ulertzen ez bazuten ere. Horren ostean, beste zelai batzuk probatzeko aukera izan zuten, aldez aurretik erreserbatutako denbora tartea bete arte.
Jakin beharrekoak
Urte osoan zehar irekita dago Iturgutxi. Erreserbak 671 58 00 11 telefono zenbakian egin daitezke.
Iturgutxi paintball-ak sei zelai ditu: Basoa, Far West pelikuletan inspiratutakoa, kanpamentua, gurpilena, Txatartegia eta Deposituak.
Beste paintball batzuk ez bezala, Galarretakoaren aldageletan dutxak ere badaude.
Harrera eta aldagelak hartzen dituen eraikinaren eta zelaien artean aparkaleku handia dago.