Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Superadimen Kolektiboa

Mark Zuckerbergek manifestu berri bat argitaratu du. 3,5 mila milioi pertsonak erabiltzen dute egunero Metaren aplikazioetako bat, alegia, munduko biztanleriaren ia erdiak. Ondorioz, adierazpen mota hauen izaera politikoa nabarmendu behar da. Boterea da hauen funtsa.

Izenburua “Personal Superintelligence” da, sormena eta hazkunde indibiduala sustatzen dituen adimen artifizial oso aurreratu gisa ulertua. Hain zuzen ere, Metan IAren garapenaz arduratzen den saila honela deitzen da. “The Economist”-en uztaileko azken alearen izenburua horixe izan da. Superadimena marka indartsua izan daiteke, Adimen Artifiziala (AA) termino tradizionalaren aurrean. Bere enpresa kokaleku horretan kokatu nahi du Zuckerbergek, OpenAI, Anthropic eta Google-en lidergoari aurre eginez. Lehiakide berriak ere badaude, hala nola DeepSeek.

Zuckerbergek 2012an idatzi zuen lehen manifestua, eta honekin bost dira (2012, 2017, 2019, 2021). Guztiak Facebook-Metaken krisi existentzialekin bat datoz: mugikorrerako jauzia, Instagram eta WhatsAppen erosketak, pribatutasunari eta algoritmoei buruzko eskandaluak, erregulazioen aurkako agenda, Meta bihurtzeko rebranding-a, metaverso-aren apustua... Aldiro, une kritikoetan, Metako buruak Olentzerori gutuna idatzi dio.

Testu hau bereziki laburra da: 625 hitz. Bertan, gogo mesianikoa, marketina eta akziodunentzako iragarkiak nahasten ditu. Orokorrean, estatu-politikari bat balitz bezala hitz egiten du, konparazio historikoak erabiltzen ditu, misioa diruaren gainetik dagoela dio -baina azpiegituretan inbertsio handiak aipatzen ditu-, eta epemuga bat ezartzen du («hamarkadari geratzen zaiona»). Batzuen ustez, epe lausoegia da, baina abiadura handiko eraldaketen garai honetan bost urteko epea ezartzea ausarta iruditzen zait.

Auziari buruz Om Malikek idatzi duen artikulua interesgarria iruditu zait, ezagutza zuzena duelako, kritikoa delako, baina baita zuhurra ere. Bere ustez, idazlanaren funtsa argitasun estrategikoa baino gehiago marketina da. Testuaren %25ak izaera estrategikoa izan dezake (betaurrekoak produktu izar gisa jartzea barne), baina gainerakoa AAren lehian kokatzeko ahalegina da. Ez du ibilbide-orririk ezartzen, aditu gehienek Meta lehia horretan atzean geratu dela uste dutenean. Horri aurre egiteko, Zuckerbergek hainbat aditu fitxatu ditu diru kopuru ikaragarrien truke.

Gauzarik deigarriena, nire ustez, «norbanakoen anbizioak» nola azpimarratzen dituen da. Indibidualismoaren aroan, robotak lagun. AAren inguruko elkarrizketa soziala distopiarantz ari da mugitzen -lanpostuen galera, arrakala, kontrola…-. Horren aurrean, askatasun eta garapen indibiduala bultzatuko dituela agintzen du Zuckerbergek. Adi, manipulazio eta zaintza masiboaren hedapen komertziala, eta gizakien eta komunitateen arteko loturen ahultzea roboten mesedetan utopia dela sinetsarazi nahi digu.

Metak giza espeziearen lehentasunei, harremanei eta jokabide patroiei buruzko munduko datu-base indartsuena du, eta hori oso lagungarria da gizabanakoa ardatz duen «adimen pertsonaleko» sistema bat fabrikatzeko. Malik eszeptikoa da, baina aurretik Zuckerbergen porrota iragarri duela onartzen du.

Scott Gallowayk aipatzen duenez, 7 enpresa teknologiko handiak herrialde bat balira, haien BPGa munduko hirugarrena litzateke, AEBen eta Txinaren atzetik. Inperio honi aurre egiteko gure esku dagoen Adimen Kolektibo guztia behar dugu. Eta arerioen armak ere menderatu beharko ditugu, halabeharrez. •