Erika Lagoma
Bertsolaria

Hey, toro!

Etxeko animaliak babesteari buruzko 9/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa.

1. artikulua.- Xedea eta helburua.

2.- Lege honen azken helburua izan behar da animalien babes- eta ongizate-maila egokiak lortzea, izaki bizidun diren aldetik, sentiberatasun fisiko eta psikikoa eta behar etologikoak dituztenak. Horretarako, haienganako begirunea eta errespetua bultzatuko da.

Lege honen eremutik kanpo geratzen dira: ehiza, arrantza, basafauna bere ingurune naturalean babestea eta kontserbatzea, zezen-ikuskizun arautuak eta hiri-izurriteak eta haien tratamendua.

Sokamuturra Ez taldeak elkarretaratzea egin du Getxoko Portu Zaharrean. Hainbat herritan animaliak jostetarako erabiltzearen aurka aldarri egin dute. Eztabaida mahai gainean da, astiro-astiro.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 190 zezen-ikuskizun baino gehiago egiten dira urtean zehar. Herri-jaien % 88an presente daude, hain zuzen. Nafarroak aldiz, 1.600 zezen-ikuskizun baino gehiago hartzen ditu urteko. Herri-jaien % 97an programazioaren parte dira. Iparraldeari dagokionez, Baionan badago zezen-plaza, baina herrietako bestetan ez da bigantxarik ageri. Tarteka, udan, vachettes deitzen dituzten ikuskizunak antolatzen dituzte turistentzat.

Betizuak batzuen dibertimendurako erabiltzearen aldekoek bi argudio erabiltzen dituzte oro har: animaliek ez dute sufritzen, eta ohitura da. Animalien erabilera anker hau ez da aparteko gaia, mundu-ikuskera oso baten parte da. Zenbat aldiz ez ote ditugun emakumeok argudio horiek entzun; sufrimenduan gozamena ikustea eta ohituraren izenean dagozkigun eskubideak urratzea. Berdin zapalkuntza orotan. Erraz erosten diren argudioak dira. Fokua argia da: maskulinitatea.

Nortzuek hartzen dute parte ia ehuneko ehunean zezenketetan, betizuetan, sokamuturran…? Zein jarrera ikusten dira? Sakonean, zein helbururekin parte hartzen dute? Zer erakutsi nahi dute? Zein mezu jasotzen dituzte begira ari direnek? Eta zein mezu helarazten dute bibak eta txaloak itzultzen dituztenek? Gizonak dira. Gizonak ere egin egiten dira.

Pertsonen arteko eraso bat jazarpen izendatzeko hiru ezaugarri bete behar ditu: 1) intentzioa. Kontrola, min ematea, taldean nagusitasun-posizioa hartzea. 2) Errepikapena. 3) Botere-desoreka. Badaude erasotzailea hauspotzen duten xaxatzaileak, baina gehienak ikusle isilak izaten dira. Paralelismoa argia da. Botere-desoreka eta errepikapena bistakoak dira. Min ematea ez da izango askoren asmoa, baina bai animaliaren gaineko kontrola eta plazan nagusi agertzea. Enpatiarik eza, bertzearen aitortzarik ez. Xaxatzaileak txaloz, irriz, aritzen dira, eta gehienak ikusle isilak izaten dira, bestaren epizentroa bertan dagoelako begira egoten direnak.

Datuek erakusten dute leku anitzetan errotuta daudela ekimen hauek eta sentsibilitatea duten udalentzat ez da gai erraza. Elkarretaratzeek haien funtzioa dute, bide judizialek agian izango dute emaitzarik, hala ere, herritarrek egin behar dute joateko edo ez joateko hautua. San Ferminen jiran gaiaz solastatu nintzen lagunekin, eta argi ikusi genuen bidea kontraprogramatzea dela. Betizuek besten aurrekontuaren zati handi bat hartzen dute, eta ordu horretan ez da bertze ezer antolatzen. Hori dago eta punto. Antolatu ekimen erakargarriak ordu berean, etor daitezela ikusle isilak, desboteretu gune horiek. Ez da egun batetik bertzera izanen, baina alternatiba bat egongo da. Bertze mundu-ikuskera bat. •