Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Hungariako pragmatismoa

1982an, Janos Kornai ekonomialariak idatzitako "Deficit" izeneko liburua argitaratu zuten Budapesten. Marxek kapitalismoa aztertzeko merkantzia abiapuntutzat hartu bazuen, Kornaik, metodologia berari jarraituz, defizita hartu zuen planifikatutako ekonomien ezaugarri nagusitzat. Ez dago esan beharrik horrelako liburu bat heresia zela Ekialdeko Europako sozialismo errealean eta geldialdi (zastoy) garaian argitaratu zela; Brezhnev urte hartan bertan hil zen. SESBen liburua ez zen 1990. urtera arte argitaratu, ia perestroikaren amaieran, eta oraindik gogoan ditut unibertsitatean sortu zituen eztabaida biziak.

Zergatik izan zen posible Hungarian horrelako liburu bat argitaratzea? Gogoan izan behar da 1956an sobietarrak Budapesten sartu zirela Hungariako Gobernuaren aurkako herri-matxinada zapaltzeko. Une horretatik aurrera hungariarrak bilakatu ziren ekialdeko herritar libreenak. Ematen du isilpeko akordioa izan zela eta Moskuk Budapesti egiten utzi ziola statu quo-a zalantzan jartzen ez zuen bitartean. Autonomia horren adibidea da Berlingo Harresia erortzen hasi zela hungariarrek mugak ireki eta alemaniarrei mendebaldera joaten utzi zietenean. Emmanuel Toddek dio hori posible izan zela Hungariak herrialde politikak sustatzeko gai den elite nazional bat duelako. Beste kontu bat da elite hori orain eskuin muturrekoa izatea.

Agian horregatik, aste honetan telebistan egindako elkarrizketan, Viktor Orbanek esan du Ukrainako zerbitzu sekretuak herrialdeko politikan sartzen ari direla eta gobernu aldaketa bilatzen ari direla datorren urteko hauteskundeetan. Lasai gaineratu du normala iruditzen zaiola, Ukraina gerran dagoelako eta Gobernuak bere atzegoardian zer gertatzen den jakin nahi duelako. Dena den, Hungariako Gobernuak gertutik jarraitzen ditu Ukrainako zerbitzu sekretuen mugimenduak. Interesgarriena da gero azaldu duela Hungariari ez zaiola interesatzen Ukraina desegitea, bere mugan mehatxu larria izango lukeelako. Arrazoi horregatik jarraitzen du Budapestek laguntzen -Ukrainak elektrizitatea eta gasa jasotzen ditu Hungariatik-, eta horregatik, Ukrainako Gobernua hain «lotsagabe» agertzen da Hungariarekin. Orbanen ustez, gerra luzatuz gero, Ukraina desagertu egingo da, eta Hungaria potentzia handien arteko tapoi egoeran egongo da berriro ere, askotan gertatu zaion bezala, eta nahiago du rol hori Ukrainak betetzea. Horra hor, segurtasun nazionalari buruzko hausnarketa propioa, Bruselaren erretorika belizista eta manikeoa baino sakonagoa.

Ildo horretan, asteazkenean, Errusiako Kanpo Inteligentzia Zerbitzuak (SVR) jakinarazi du Brusela aztertzen ari dela Budapesten gobernua aldatzeko balizko eszenatokiak. Ez dirudi hain aukera urruna denik ere. Izan ere, aurten, Errumaniako hauteskundeetan eskua sartu zuen, eta lehen itzuliko irabazle Calin Georgescu inhabilitatzea lortu zuen. Moldaviako iraileko hauteskundeei begira, Gagauzia eskualdeko liderra, Evghenia Gutul, zazpi urteko kartzela zigorrera kondenatu berri dute, alderdia legez kanpo finantzatzeagatik, motibazio politiko argia izan duen prozesu batean. Ez da harritzekoa hurrengo pieza Hungaria izatea. Beste gauza bat da helburua lortzea. Badirudi Brusela ari dela tapoia prestatzen Ukraina desegiten denerako.

Singapurreko diplomatiko batek, Kishore Mahbubanek, adierazi zuen esaldi batean laburbildu behar bazuen Ukrainako gerraren arrazoia, Europan «kultura pragmatikorik» ez dagoela esango zuela: «Errusiarekin akordio batera iritsi behar zuten, besterik ez». •