GAUR8

Leioako Udalak 130.000 euroko dirulaguntza emango du eraikinak hobetzeko lanetarako

Etxebizitza eraikinetan egindako berrikuntzak lagunduko ditu Leiako Udalak, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna, putzu septioen deuseztapena edo ondarea babestea bezalako proiektuei babesa emateko. Laguntza eskaerak irailaren 30era arte aurkez daitezke. 

130.000 euro bideratuko ditu Leioako udalak, etxebziitza eraikinetan egindako lanetara.
130.000 euro bideratuko ditu Leioako udalak, etxebziitza eraikinetan egindako lanetara. (Oskar MATXIN | FOKU)

Leioako Udalak 130.000 euro inbertituko ditu herriko etxebizitza eraikinetan garatutako urbanizazioa, energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna, putzu septikoen deuseztapena edo ondarearen babesa hobetzeko lanak egin dituzten auzo-komunitateentzako laguntzetan.

Bizkaiko udalerriko Udalak ohar baten bidez zehaztu duenez, erabilera publikoko eta titulartasun pribatuko urbanizazioak hobetzeko eta egokitzeko lanek dirulaguntza jasoko dute. 

Urbanizazioa eraberritzeko edo berritzeko lanak dira kontuan hartuko dituztenak, eta hauen barruan, akaberak, zoladurarak, altzariak, lorezaintza eta argiteria bezalako atalak lagunduko dituzte. Linea horretarako zenbatekoa 20.000 eurokoa da.

Isolamendu termikoa

Etxebizitza kolektiboko eraikinetan inguratzailea edo termikoa hobetzeko zenbatekoa 50.000 eurokoa izango da, hala nola fatxadan eta estalkian isolamendu termikoa jartzea, hura hobetzea edo leihoak aldatzea.

Etxebizitza kolektiboko eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko lanak ere aurreikusi dituzte, atariak berritzea igogailurako irisgarritasuna bermatzeko edo kanpoko elementuak egokitzea atarirako irisgarritasuna bermatzeko. 54.000 euro arteko zenbatekoa izango dute guztira.

Eraikin babestuen fatxada, estalkia eta/edo egitura hobetzeko partida 4.000 eurokoa izango da, eta putzu septikoak deuseztatzeko, husteko, garbitzeko eta Galindoko HUAra hondakinak garraiatzeko partida 2.000 eurokoa.

Laguntzaren xede diren obrek ezin izan dute Udalaren beste dirulaguntzarik jaso, eta obra-lizentzia lortu behar dute edo 2024ko azaroaren 16tik 2025eko irailaren 30era arte amaituta egon behar dute, biak barne.

Eskaerak irailaren 30era arte aurkez daitezke, Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ Udaletxea eta Gaztelubide) edo telematikoki udaletxean.leioa.eus webgunean.