GAUR8

Prado kaleko kioskoa Gasteizko kultur eskaintzaren informazio puntua izango da

Gasteizko Prado kaleko kioskoa hiriko kultur karteldegia izango da aurrerantzean, eskaintza osoaren informazio-gunea izango baita. Arlo sozioekonomikoa suspertzeko  ‘Eko-barruti ekintzailea’ proiektuaren barruan dago ekimena.

Prado kaleko kioskoa, irudian.
Prado kaleko kioskoa, irudian. (Gasteizko Udala | EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaleko Zabalgune 21 sozietateak beste erabilera bat emango dio Pradoko kioskoari, Gasteiz osorako erreferentziazko kultur informazio-gune bihurtuz.

Ohar batean azaldu duenez, ekimena Hiri Eredu, Ekonomia Sustapen eta Kultura sailek sustatzen dute, eta Arabako hiriburuko Zabalgune historikoan egiten ari diren ‘Eko-barruti ekintzailea’ proiektuaren barruan kokatzen da.

Planak kontuan hartu du neoklasiko estiloko kiosko horren kokapen estrategikoa, Zabalguneko gunera sartzeko eta oinezkoen erdialderako joan-etorri handiko leku gisa, Prado eta Becerro de Bengoa kaleen elkarguneetan.

Borja Rodriguez elkarteko presidenteak adierazi duenez, ekimenaren barruan aurreikusita dago panelak eta irudiak jartzea, «Zabalguneak eta Gasteizko gainerako tokiek kultura mailan dituzten indarguneak nabarmentzeko».

Duela zazpi urte baino gehiago eguneroko prentsa eta aldizkariak saltzeko gune gisa azken jarduera izan zuen kiosko honetarako jarduera berreskuratzeak hiriko eskaintza kultural publiko eta pribatuaren informazioa bilduko duen puntu bilakatzera eramango du, eta kultura zentroa biziberritzeko elementu eragile nagusietako bat izango da.

‘Eco-barruti ekintzailea’ proiektuaren helburua hiriko erdiguneko egoera sozioekonomikoa eta urbanistikoa suspertzea da, eko-diseinuari eta eko-berrikuntzari lotutako jardueren ezarpena bultzatuz, hiri-bilbea birgaitu eta berroneratzeko. Ekimen berritzaile honek Gizarte Eskubide, Kontsumo eta Agenda 2030 Ministerioaren finantziazioa du.