
40 urte igaro dira Robert Ballard Ameriketako Estatu Batuetako ozeanografoak Titanic-en hondarrak topatu zituenetik. Ipar Atlantikoan, 3.784 metroko sakoneran daude, gero eta kaltetuago. Hala ere, historiako itsasontzi ezaguneneko milaka objektu berreskuratu dituzte hainbat espediziotan. Gaur egun, munduko museo ugaritan daude ikusgai.
Transatlantikoaren oroimena bizirik mantentzen da liburu, abesti, film, erakusketa, monumentu eta historialarien lanei esker.
RMS Titanic Alexander Carlisle eta Thomas Andrews ontzi ingeniariek diseinatu eta Harland & Wolff Belfasteko ontziolan eraiki zuten White Star Line konpainiarentzat. Bere garaian munduko itsasontzirik handi eta luxuzkoena izan zen, baita modernoena ere. «Hondoraezina» zela baieztatzen zuten... 1912an urperatu zen arte.
Munduko aberatsenak izan zituen bidaiari, Ipar Ameriketara bizi hobe baten bila abiatu ziren ehunka irlandar, britainiar eta eskandinaviarrez gain. Gimnasioa, igerileku estalia, liburutegia, jatetxe onak eta kamarote dotoreak zituen lehen klaseko bidaiarientzat.
Segurtasun neurriek kale
Segurtasun neurriak, ordea, ez ziren aski izan 1912ko apirilaren 14an, Southamptonen itsasoratu eta lau egunera, Terranovatik 600 kilometro hegoaldera, transatlantikoak izozmendi batekin talka egin zuenean. Bi ordu eta erdian itsasontzia hondoratzen joan zen branka aldetik, txopak gora egiten zuen bitartean. Denbora horretan ehunka bidaiari salbamendu-txalupetan atera zituzten.
Apirilaren 15eko 2.17an bitan zatitu zen ontzia eta urperatu egin zen ehunka lagun barnean zirela. 712 lagun erreskatatu zituen RMS Carpathiak 4.00etan.